13/13 auziko epaiketa saioa izan dute gaur Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Jose Perals fiskalak jakinarazi du erretiratu eginen dutela Julen Zelarain auzipetuaren akusazioa. Peralsek ez ezik, berdin egin dute AVT eta Dignidad y Justicia akusazio partikularrek ere. Akusazioa zergatik baztertu duen argudiatu du fiskalak: bertzeak bertze, erran du «zalantza» zeukatela Zelaraini ote zegokion «Ilazki» ezizena. Angela Murillo epaileak baimenduta, akusazioen aulkitik jaiki da Zelarain. Bertze auzipetuei dagokienez, akusazioak mantentzea erabaki dute, ordea: Zelaraini zegokion 11 urteko zigorra kenduta, guztira 66 urteko espetxe zigorrak eskatuko dizkiete gainerako sei euskal herritarrei.
ETArekin lotu dituzte, bertze behin, gainerako auzipetu guztiak: Jose Perals fiskalak azaldu duenez, Arantza Zulueta eta Enparantza ETAko «buru» gisa akusatuak dira; Naia Zuriarrain eta Iker Sarriegi, ETAko «kide» gisa, eta Saioa Agirre eta Nerea Redondo, «laguntzaile» modura. 2008ko maiatzean ETAri atzemandako dokumentuak dira akusazio horiek egiteko frogen oinarria, Perals fiskalaren arabera. Informazio horrekin egin zuten (H)alboka txostena.
Akusazio horiek argudiatzen aritu da Perals, Arantza Zuluetari buruz, lehenik: «Arantza ez zen ETAko presoen abokatu bat: ETAko abokatua zen». Are, fiskalaren arabera, Arantza Zulueta ETAko «buru» ere izan zen, «iraultza zerga» kobratzen zuen, eta diru hori lekualdatzen ere hartzen zuen parte, Peralsen erranetan. Baita ETAren «ituak» zehazten ere. Nabarmendu duenez, Zulueta «fronte juridikoko buru» gisa agertzen da hainbat dokumentutan. Gainera, Peralsek kontatu du lehergai batzuen kokapenari buruzko mapa bat ere atzeman ziotela Zuluetari. Haren iritziz, mapa bat edukitzea «lehergaiak potentzialki edukitzea» bezala da.
Enparantzari buruz ere estilo berean mintzatu da Perals, eta gaineratu du «ildo gogorreko militantea» zela Enparantza, «hiltzen jarraitu nahi» zutenetakoa. Fiskalak zehaztu du hainbat epaile, Alfrefo Perez Rubalcaba Barne ministro ohia eta Iñigo Urkullu bera proposatu zizkiola ETAri «helburu» gisa. Enparantzak ETArekin izandako ustezko bileren berri ere eman du fiskalak.
Naia Zuriarraini buruz, fiskalak erran du auzipetuaren beraren ordenagailuan atzeman zutela hari buruzko informazio guzia. Peralsek dio Koordinazio Taldeko lanak egiten zituela Zuriarrainek; Koordinazio Taldea ETArekin lotu du fiskalak. Haren erranetan, ETAren eta abokatuen arteko lotura egiteko balio zuen KT-k. Sarriegiri ere eginkizun hori egotzi dio.
Perals luze aritu da akusazioak justifikatzeko argudioak zerrendatzen. Gainera, azpimarratu du auziko sei akusatuen kontrako frogak «froga zuzenak» direla, dokumentuak miaketetan atzemandakoak direlako. Miaketak «baliozkotzat» jo ditu, abokatuen «sekretu profesionala» errespetatuta egin baitzituzten, haren erranetan.
AVT akusazio partikularrak bat egin du fiskalaren tesiarekin, eta halaber egin du Dignidad y Justizia elkartearen akusazio partikularrak ere.
Luzapena, defentsaren «erru»
Abokatuek salatu dute «behar ez bezalako luzapen oso kualifikatuak» gertatu direla epaiketan. Hain zuzen ere, aspaldi hasi zen prozesua: hamar urte baino gehiago iragan dira atxiloketetatik; 2010eko apirilaren 14an izan ziren. Abokatuek oroitarazi dute «irregulartasunak» izan direla bidean. Bertzeak bertze, azaldu dute bi aldiz kausa beragatik epaitzen ari direla, errugabetasun presuntzioa urratu zaiela, eta ez dutela izan «epaiketa justu bat izateko eskubiderik». Horiek aintzat harturik, abokatuek defendatu dute urraketa horiek guztiak kontuan hartuko balira gehienez ere urte bat eta hilabete batzuetako zigorrak bete beharko lituzketela auzipetuek.
Nerea Redondoren kasuari erreparatu diote abokatuek. Jose Mari Elosua letraduak zehaztu du kasik lau urte pasatu zirela instrukzio fasean akusatuari buruz deus ikertu gabe.
Eskaera eta argudio horiei guziei banan bana eta kontra eginez erantzun diete fiskalak eta akusazio partikularrek, ordea. CNI Espainiako zerbitzu sekretuek ikerketan parte hartzeari buruz, adibidez, fiskalak erran du haien laguntza «tangentziala» izan zela: frogen oinarri nagusia 2008an ETAri atzemandako dokumentu batzuk izanen lirateke, eta horrekin osatu izanen lukete (H)alboka txostena, zeina 13/13 auziaren oinarria baita.
CNIko kideek «laguntza» ematea «normaltzat» jo du Peralsek, halere, haren lana «terrorismoa ikertzea» baita. Haren frogak ez ditu «ekintza judizialtzat» jo, eta, gainera, argudiatu du defentsarentzat ez direla «erabakigarriak» CNIko kideen deklarazioak. Asteon jakin da CNIk uko egin diola 13/13 auzian parte hartu zuten agenteak identifikatzeari, haren arabera, «legeak» ez diolako «baimentzen». Defentsaren abokatuek, ordea, garrantzizkotzat zuten haiek deklaratzea.
Epaiketa hainbertze luzatu izanaren errua defentsari egotzi dio fiskalak, bertzeak bertze, haien idatzia berandu aurkeztu zutelako: «Badirudi abokatuek ez zutela nahi epaiketa egin zedila». Delitu beragatik bi aldiz epaitzeari buruz, erran du auzipetuak kartzelan sartu izanak «eten» bat ekartzen duela. Peralsen ustez, beraz «delitu bera berriro egitea» litzateke, eta ez delitu beragatik bi aldiz epaitzea.