Euskara

Kutxa Bira egitasmoaren dokumentala, BERRIAn ikusgai

Iparra Hegoa kultur elkarteak antolaturiko egitasmoaren nondik norakoak azaltzen ditu ordubeteko lanak, herriz herri, Patagoniatik Urruña eta Seguraraino.

2021eko urriaren 28a
18:39
Entzun

Kutxa Bira egitasmoak antolatzaileen aurreikuspenak apurtu ditu aurten. 15-20 herritara eraman nahi zuten, eta, azkenean, 80 hiri eta herritatik igaro zen euskararen eta bizitzaren aldeko mezua duen egurrezko kutxa. Patagonian hasi zen kutxaren bidaia (Argentina), martxoaren 20an, Euskal Herritik 12.000 kilometrora. Eta Urruñan (Lapurdi) eta Seguran (Gipuzkoa) amaitu zen, maiatzeko azken asteburuan. Abentura hura nola antolatu zen kontatzeko, 64 minutuko dokumental bat egin du Iparra Hegoa elkarteak. BERRIAn ikusgai dago osorik. Astelehen gauerdira arte ikusi ahalko da egunkariaren webgunean.

Amaia Renobales Eubak eta Iban Garcia Azpiazuk egin dute dokumentala. Argentinako Carmen de Patagones herrira eramaten du ikusleak hasieran, kutxak bidaia hasi zuen unera. Herriz herriko zeharkaldia egiten duen bitartean, egitasmoaren inguruko informazioa ematen du. Esaterako, kutxa eraiki zuten artisauak aurkezten ditu, eta euren kontatzen dute nola sortu zuten. Kutxaren barruan garraiatu zuten mezua Amets Arzallusek idatzi zuen, eta hark azaltzen du nola osatu zuen testua. «Hizkuntza da oraingoz munduak eskaini digun bizileku bakarra; hitza da gure lurra», adierazten du pasarte batek.

Garcia, bi egileetako batek, zera esan du: «Lehenengo momentutik gure asmoa Kutxa Birak bere horretan dituen helburu, sentimendu eta anekdota guztiak ikus-entzunezko lan batean biltzea izan da. Horretarako proiektua hasi aurretik, gauzatzen zen bitartean eta ondoren antolatzaileekin elkarlanean ibili gara, ahalik eta modu natural eta gardenean biltzeko».

Patagoniatik hastea erabakita, euskal diasporari «ahotsa emateko» asmoa izan zuten antolatzaileek. Hegoaldeko hemisferiko euskaldunak mintzo dira dokumentalean, haientzat euskarak eta euskaldun izateak zer esan nahi duen azaltzeko.

Kutxak Katalunian eginiko egonaldia ere ikusten da dokumentalean; besteak beste, Bartzelonan haren inguruan antolatu ziren jaiak.

Izurriaren kalte emozionalak

Pandemiak eragindako konfinamenduak euskaldunak nola banandu dituen kontatzen dute antolatzaileek, eta hutsune hori bete nahi izan dutela egitasmoarekin. Pello Aranzabal antolatzaileak esan zuenez, «gure hizkuntza konfinatua izan dute. Bi estatu dauzkagu, benetako pandemia direnak, eta txertoa gure ahotan dago». Garcia gustura ibili da lana egiten: «Kutxarekin batera ibili ginen gu geu ere Euskal Herrian zehar eragin dituen sentimendu eta erreakzio guztiak grabatzen lehenengo pertsonan».

Segurako Baratze pilotalekuaren ondoko futbol gunean amaitzen da lana. Han, eginikoaren balorazioa egiten dute antolatzaileek. Kutxa Bira behin egiteko gauza bat zela adierazten dute, Korrika, Herri Urrats, Durangoko Azoka, Nafarroaren Eguna eta halako festak ez egiteak sorturiko «kalte emozionalak eta nortasun kalteak» nolabait osatzeko. Misioa beteta, egitasmoa «hiltzeko» sortu zela gogoratzen dute.

Garciak bilakaera bat sentitu du lana ontzen. «Egunez eguneko lan bat izan da, arazo eta zailtasunetara egokituz eta aurretik antolaturiko egutegia ahalik eta ondoen jarraituz. Proiektua bera denborak aurrera egin ahala eboluzionatzen joan zen, eta gu ere berarekin batera joan ginen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.