Artea

Javier Viar Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendari izandakoa hil da

Botikaria zen ikasketaz, baina gertutik jarraitu izan du beti Euskal Herrik artearen garapena, eta hamabost urtez izan zen Bilboko museoko zuzendari. Aurrekontuak estutzean ere eusten asmatu izana da haren lorpen nagusietako bat.

Javier Viar, artean, Bilboko Arte Ederren museoko zuzendari zenean. LUIS TEJEDO/EFE
Inigo Astiz
2021eko urriaren 28a
13:44
Entzun

«Ez dut asko pentsatu beharrik izan museoaren nortasunari buruz: diru falta izan da nire arazoa». Erretiroa hartzeko atarian, zorroztasun horrekin laburbildu zion Javier Viarrek (Bilbo 1946- Bilbo, 2021) Bilboko Arte Ederren Museoa zuzentzen egindako hamabost urteko igaroaldia BERRIAri. Botikari ikasketak egin zituen Madrilen, baina oso gertutik jarraitu izan du Euskal Herriko artearen nondik norakoa beti. Arte kritikari modura hasi zuen ibilbidea, komisario ere izan zen, eta Bilboko museoko administrazio kontseiluan hamarkada bat baino gehiago egin ostean heldu zen zuzendari postura, eta erretiroa hartu ostean, 1936tik 2016ra arteko euskal artearen historia biltzen duen hitzaurrerik ere gabeko ia 600 orriko ikerketa kaleratu zuen. 75 urterekin hil da.

Viarrek uste zuen Guggenheim museoaren irekierak onura baino ez ziola ekarri Arte Ederren Museoari, baina, edonola ere, museoak nortasun propioa zuela ere nabarmendu zuen, eta haren bildumaren zabaltasun kronologikoa kontuan harturik, «museo entziklopedikoa» izatea beste aukerarik ez zuela defendatzen zuen. Hortik BERRIA egunkariari eskainitako elkarrizketan emandako titularra: «Bilboko Arte Ederren Museoak kontserbadorea izan behar du». Eta ñabardura ere gehitu zion gero. «Horrek ez du esan nahi erreakzionarioa izan behar duenik».

Estuan ere eutsi

Ziurrenik, sasoirik estuenetan ere lemari heldu izana da haren zuzendari sasoiaren lorpen nagusietako bat. Izan ere, museoak hamabi milioi inguruko aurrekontua zeukanean hartu zuen zuzendaritza Viarrek, eta zazpi eta erdirekin eutsi behar izan zion egitekoari. Publikorik zabalena erakartzeko moduko hainbat erakusketa antolatuta, ordea, zenbaki estu horiekin ere, inoizko bisitari kopururik handienak izan zituen museoak Viarren zuzendaritzapean, eta datu hori nabarmendu izan zuen berak ere, bere lorpenen artean. Zehazki, sei aldiz gainditu zuen museoak urtean 200.000 bisitariren muga, eta 300.000 bisitariko langara ere gerturatu zen 2012an.

Miguel Zugazari hartu zion lekukoa Viarrek, eta Zugazari itzuli zion bueltan 2017an, «pozik». Viar izan zen une honetan hastekoak diren museoaren handitze lanen beharra publikoki azaldu zuen lehenetarikoa ere. Amets horrekin utzi zuen gidaritza, hain justu, 2017an. «Museo hau hazten ikusten dut nik. Esana dut: museo honek ez du hazten jarraitzea beste bokaziorik. Aurrekontua handitzea eta eraikina handitzea, hori da behar dena».

Ameztoiren erakusketa

1936tik 2016ra arteko euskal artearen historia biltzen duen liburua idazteaz gainera, museoak iaz Vicente Ameztoi margolariari eskainitako erakusketako komisario ere izan zen Viar, Miriam Alzurirekin batera. Pintorearen erreferenteak eta joera artistikoak nabarmendu zituen aurkezpenean.«Begi bistakoa lirudike artista figuratiboa zela esateak, baldin eta ez balitz Ameztoi agertu zen momentuan figurazioa egiteak talka egiten zuela garai hartan euskal eskulturan eta pinturan nagusi zen abstrakzioarekin». Aurkezpen hura izan zen haren azken agerpen publikoetako bat.

Museoak dolumin mezua zabaldu du. «Bilboko Arte Ederren Museoak 2002 eta 2017 artean museoko zuzendari izan zen Javier Viarren heriotza benetan deitoratzen du. Bere ibilbide profesional aintzatetsiak eta borondate humanistak aztarna ezabaezina utzi dute museoan eta euskal kulturan. In memoriam».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.