Zer dakite Nafarroako gazteek talde armatuen jardunari buruz? Galdera horri erantzun nahian, Hezkuntza Departamentuak txosten bat eskatu dio Nafarroako Errealitate Sozialaren Behatokiari. Erakunde horrek inkesta bat egin zuen maiatzean herrialdeko Bigarren Hezkuntzako institutuetako ikasleen artean, eta ondorio nagusietako bat da gehienek «ezagutza maila oso eskasa» dutela. Adibidez, «ETA ezagutzen duzu?» galderari baietz erantzun diote parte hartutako ikasleen %57k soilik. GALen jarduna, berriz, nabarmen ezezagunagoa da ikasleentzat: hiru ikasletik bik ez dakite zer den ere (%63). «Eraso edo ekintza terrorista zehatzen bat» gogoratzen duten galdetuta, %62k erantzun dute ezetz, ez direla bakar batez ere akordatzen. Are: DBHko ikasleen %2k bakarrik gogoratzen dute GALen erasoren bat.
Inkesta aurkezteko, agerraldi bat egin dute gaur Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak eta Luis Campos Errealitate Sozialaren Behatokiko zuzendariak. Kontseilariak azaldu du inkestaren helburua dela DBHko ikasleen ezagutza maila neurtzea, institutuetan «memoriari eta terrorismoaren prebentzioari buruzko unitate didaktikoak» martxan jarri aurretik.
Errealitate Sozialaren Behatokiko zuzendariak eman ditu inkestari buruzko xehetasuna: DBHko 1. eta 4. maila arteko ikasle guztiei helarazi zieten galdetegi anonimoa (28.355 ikasle), eta horietatik, mila erantzun baino gehiago jaso zituzten: «Estatistikoki, oso lagin ona da, oso adierazgarria».
Jasotako erantzunak aztertuta, Camposek nabarmendu du inkestan parte hartutako gazte gehienak bat datozela indarkeriaren erabilera politikoaren aurkako jarreran: «%80k uste dute ez dagoela justifikatuta indarkeria erabiltzea helburu politikoekin, eta %79ren ustez, ezein proiektu politiko ez daiteke egon bizitzeko eskubidearen gainetik». Hala ere, ikasleen %26k uste dute «indarkeriak justifikazioa izan dezakeela zenbait kasutan, helburu politikoekin». Horren gainean, kezka adierazi du Camposek, «datu horrek erakusten baitigu lan handia dagoela oraindik egiteko».
Terrorismoaren eta biktimen esparruan administrazio publikoek antolatzen dituzten egitasmoen inguruan ere «ezagutza maila oso eskasa» agertu dute Nafarroako ikasleek: %67k ez dute administrazio publikoek hartutako neurririk edo egitasmorik ezagutzen. Hala ere, lau ikasletik hiruri gustatuko litzaieke gai hori ikasgelan jorratzea.
Azkenik, gehien-gehienek «hedabideetatik eta sare sozialetatik» jasotzen dute gaiari buruzko informazio guztia. Errealitate Sozialaren Behatokiko buruaren ustez, hezkuntzak «rol garrantzitsua» bete behar luke esparru horretan, «ezin baita indarkeriaren gaineko heziketa sare sozialen menpe utzi».