Mirentxu Larrañaga: «Mundu oso bat, estilo ugari eta hizkera asko biltzen dira berripaper batean»

Itzultzaile eta zuzentzaileen jardunari buruz hausnartu du Mirentxu Larrañaga BERRIAko langileak EIZIEren bideo batean. «Elkarlan baten azken katebegi» gisa definitu du euren lana.

Nagore Arin.
2021eko urriaren 28a
11:25
Entzun

«Zorua erratzatu, erraztatu, erraztu eta orraztu. Horra hor idazteak, itzultzeak eta sortzeak berez dakarten zeregina». Hala dio Mirentxu Larrañaga BERRIAko euskara taldeko itzultzaile eta zuzentzaileak EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak plazaratutako bideo batean. Itzultzaile eta zuzentzaileen jardunari buruz mintzo da ikus-entzunezkoan, eta, talaia horretatik, BERRIAn beste sei lankiderekin batera egiten duen jardunari buruz ere hitz egin du. «Lankide bati esatea gustatzen zaionez, periodikoa leitzen aritzen gara BERRIA egunkariaren euskara taldeko zazpi itzultzaile-zuzentzaileok, eta estilo liburua dugu lanabes; luxuzko altxor preziatua», kontatu du.

Ez da haien sinadura albiste bakoitzaren goian azaltzen, ez formatu digitalean, ez paperean, baina puntu horretara iristeko ezinbesteko lana da haiena. Hala xehatzen du BERRIAko itzultzaile eta zuzentzaileak: «Irakurri, ikusi, entzun, gelditu, azpimarratu, kolorez nabarmendu... Orrazketak, zuzenketak, ohartarazpenak edo iradokizunak egin, eta txertatu. Gero, inprimatu, ekologikoki zuzena ez bada ere. Eta berriro irakurri, ikusi, entzun. Eta egitekoari gogotik erantzun». Gainbegiratze lana da haiena, Larrañagaren hitzetan, «elkarlan baten azken katebegia» edota «nolabaiteko kalitate ziurtagiria».

Tentuz eta zentzuz gainbegiratzen dute albiste, erreportaje, elkarrizketa eta testu bakoitza, beti «formari, egiturari eta mamiari erreparatuz», ñabardura eta zehaztasun txiki bakoitza zainduz. Orriz orri eta sailez sail egiten dute hori, eta, Larrañagaren esanetan, «mundu oso bat, estilo ugari eta hizkera asko biltzen dira» horietan guztietan. Etenik ez duen lan gisa definitu du, «beti erlojupean eta bat-batekotasunarekin norgehiagoka betean». Horregatik, lankideen artean lelo kutun bat dutela aitortu du: «Orraztu ahal dela den-dena, eta bestela, ahal dena».

Eta hori zertarako? Hurrengo hartzaileak informazio oro «ahalik eta modurik txukunenean jasotzeko». Nola? Bada, Larrañagaren ustetan, «estilo koherente, komunikatibo, zuzen, egoki eta erakargarrian». Eta jardun hori ezin du, oraingoz behintzat, inolako gailu neuronal zein aurrerakoik ordeztu. «Nola bereizi bestela zer adierazi nahi izan den h bat gorabehera? Nola hausnartu zer nabarmendu koma edo puntu baten arabera? Nola erabaki zein den benetako informazio zuzena? Nola hautatu aukerarik egokiena? Edota nola izkin egin bidean fortunatzen zaizkigun txantxa txoro merkeei?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.