Foro Sozial Iraunkorrak agerraldia izan du Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzordean, eta han, Agus Hernan bozeramaileak ohartarazi du joan den astean «nolabaiteko atzerapausoa» egon dela «sumin eta krispazio jarreretara». Horren aurrean, «lasai eztabaidatzea» eta «krispaziotik eraikitzera» pasatzea proposatu du Hernanek.
Foro Sozialaren aburuz, EH Bilduren eta Sorturen ordezkariek biktimen minaz esandakoak, eta adierazpen horiek hasieran beste ordezkari politiko batzuen aldetik izan zuten harrera, «bide onean egindako urratsak» izan ziren, baina, horren ostean, «nolabaiteko atzerapausoa» egon zen eta eztabaida publikoan «tentsioak eta krispazioak» nabarmen egin zuten gora. Hernanen iritziz, horrelakoekin herritarrei helarazten zaien mezua da «elkarrizketarako gaitasunik» ez dagoela.
«Benetan beste fase batean bagaude, hori sendotzeko ahaleginak egin behar ditugu», azaldu du Hernanek, eta erantsi du «helburua «berriro ez errepikatzeko eta bizikidetza demokratikorako baldintzak sortzea» izan behar duela.
«Arrazoi politikoak»
Euskal presoei ezarritako espetxe politika aztertzen duen Behatokia izeneko txostena aurkeztu du Foro Sozialak agerraldian. Hernanek esan du espetxe politika hori oraindik ere «salbuespenezkoa» dela, eta presoak gizarteratzeko ibilbidea egiteko prest azaldu badira ere, ibilbide hori egitea galarazten dietela «arrazoi politikoak direla medio». Horretan aldaketa bat eskatu du Hernanek.