Duela hiru urte egin zuten lehen aproba, eta sarea zabaldu egin dute orain. Aurten ere sortzaileen eta sektoreko profesionalen arteko topaketak sustatzeko programa espezifikoa izango du Durangoko Azokak, baina orain artekoa baino nabarmen zabalagoa izango da, eta orain arte baino diziplina gehiago hartuko ditu kontuan. Abenduaren 1ean hasi eta 4ra bitarte, besteak beste, musikari, aktore, idazle, gidoilari, programatzaile, kultur teknikari, argitaletxe, diskoetxe zein zinemagileei zuzendutako bilkurak, hitzaldiak eta mahai inguruak eskainiko ditu DA! Pro programak. Durangoko Azoka hartu-eman horietarako ere leku ona delako, Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko kudeatzailearen hitzetan. «Lur ondua da haziak erein eta ekoizpen berriei bide egiteko». Doakoa izango da parte hartzea, baina aurrez eman beharko da izena gehienetan.
Musika izango du ardatz lehen egunak. Abenduaren 1ean Musika Bulegoaren lankidetzarekin, 09:00etatik 14:00etara hamar minutuko aurkezpenak egin ahalko dituzte musikariek, sektoreko profesionalen aurrean. Azaroaren 2tik 11ra artean izango dute sortzaileek horretarako izena emateko epea, eta euskarazkoak eta aurten argitaratutakoak izan beharko dute proiektu guztiek. Durangoko Azokan egongo direnak lehenetsiko dira, gainera. Musika Bulegoaren lankidetzarekin antolatu dira saioak, eta Durangoko San Agustin kulturgunean egingo dituzte.
Familia ikuskizunak
Formatu txikiko familia ikuskizunen eta tailerren txanda izango da abenduaren 2an, eta aurreko egunekoen antzeko formatua izango dute saioek. Goiz osoz, Bizenta Mogel bibliotekan beren proiektuak aurkeztuko dizkiete sortzaileek sektoreko teknikari eta profesionalei, eta musikarien epe eta baldintza berak izango dituzte izena eman ahal izateko.
Hitzaldiak eta mahai inguru bat egongo da abenduaren 3an, Durangoko Zugaza zineman. Idazleek, gidoilariek, zinema zuzendariek, programatzaileek zein banatzaileek izango dute bertan parte hartzeko aukera, besteak beste. 11:00etan hasiko da saioa kasu honetan, eta titulu bakar baten aterkipean arituko dira hizlari guztiak: Literaturatik zinemara: zer behar du eleberri batek film bihurtzeko?. Ikusle modura parte hartzeko izena eman beharko da kasu honetan ere, eta azaroaren 2an zabalduko da horretarako aukera.
Eskubideak, kontratuak eta beste
Azken eguneko saioan parte hartzeko ez da aurrez izen eman beharrik izango, eta edozein diziplinatako sortzailerentzat baliagarri izan daitekeen saio bat antolatzea izan dute helburu. Abenduaren 4an ateak zabalduta izango ditu Durangoko Azokak, eta Sortzaileek bide profesionala egiteko baliabideak izeneko solasaldia antolatu dute Areto Nagusian. Egile eskubideez, komunikazioaz eta kontratazio kontuez arituko dira bertan hainbat aditu.
Duela hiru urte jarri zuten abian proiektua, Musika Bulegoa elkartearekin elkarlanean. Ordukoan, musika bakarrik izan zuten buruan, ordea, eta egun bakarra izan zuen programak. Hamar eta hamabost sortzaile inguruk aurkeztu zituzten beren lanak lehen saio hartan, beste hainbeste programatzaile, diskoetxeko ordezkari eta banatzaileren aurrean. Zabalago jo nahi izan dute oraingoan, Gaztelurrutiak azaldu duenez. Diziplina gehiago hartu nahi izan dituzte kontuan, eta hurrengo urteetan proposamena are gehiago zabalduz joateko asmoa dute aurrerantzean ere.
Presentzialak izango dira saio guztiak, abenduaren 4koa salbu, azken hori Internet bidez ere zabalduko dutelako.
BBK erakundearen babesak ahalbidetu du zabalpena.