Egiari Zor fundazioak salatu du Espainiako Estatuaren biktimek «irainak eta umiliazioak» jasan dituztela azken hamar egunetan. Fundazioak, gainera, haien «sufrimenduaren erantzuleei» egin zieten kaltea aitortzeko eskatu die: «Hamarkada asko daramatzagu egin ziguten kaltea aitortzeko zain».
Adierazi dutenez, azken astean «estatu terrorismoaren gorespen eta apologia adierazpen esplizituak» jasan dituzte. Besteak beste, azaleratu da Espainiako Gobernuak Herri Batasuneko kideei bonbak bidali zizkiela; Rafael Vera Felipe Gonzalezen gobernuko Segurtasunerako Estatu idazkaria izandakoak enegarrenez goratu du estatu terrorismoa; Barne Ministerioak domina bat eman dio 1994an giza eskubideak «bortxatzeagatik» kondenatutako polizia bati;Ramon Jauregi PSOEko kidea «beste behin» saiatu da GALen inguruko «erantzukizun politikotik salbuesten»; eta Villarejo komisarioak gerra zikina defendatu eta «goraipatu» du.
Lotsagarria, etsigarria eta izugarri hipokrita da sektore politiko eta instituzional garrantzitsu bat berriro mututzea egun hauetan jasan ditugun estatu-terrorismoaren gorespen eta apologia adierazpen esplizituen aurrean. pic.twitter.com/EAL10RITD6
— Egiari Zor Fundazioa (@EgiariZor) October 27, 2021
Egiari Zor-en arabera, gertakari horiek guztiak «zailak» eta «ulertezinak» dira kudeatzeko. Fundazioak adierazi duenez, «guztiz lotsagarria» eta «hipokrita» izan da «sektore politikoak eta instituzionalak» izan duten jarrera, adierazpen horien aurrean «mutu» geratu baita. Gaineratu du «ikuspegi etiko, politiko eta gizatiarretik onartezina» dela «herri honetako gehiengo politiko eta instituzionalaren hipokrisia»: «Ez dute inolako interesik beste batzuek eman dituzten pausoak emateko».