Kostata, baina goi mailako gizon futbolari batek esan du homosexuala dela. Josh Cavallo izena du, eta Australiako lehen mailan jokatzen duen Adelaide United taldeko erdilaria da. Sare sozialetan argitaratutako bideo hunkigarri baten bidez eman du bere sexualitatearen berri: «Futbolari profesionala naiz, eta gaya. Bidaia bat izan da honaino heltzea, baina oso zoriontsu nago armairutik irteteko erabakia hartu dudalako. Sei urte igaro ditut nire sexualitatearekin borrokan», adierazi du bideoan Cavallok.
— Josh Cavallo (@JoshuaCavallo) October 27, 2021
Aitortu du lotsa ematen ziola homosexuala dela esateak, eta hori futbol profesionalarekin ezin uztartu ahal izateko beldurra zuela: «Txikitatik izan dudan amets bat bete ahal izateko, nor nintzen ezkutatzen nuen. Sekula ez zitzaidan posible iruditu futbolera jokatzea eta besteen tratu bera jasotzea», dio bideoan.
Azaldu duenez, betidanik onartu izan du sekula ezingo zuela bere sexualitateaz hitz egin, eta bere sentimenduak ezkutatzen ikasi du, «futbolari profesionalaren estereotipoan» sartzeko: «Futbolean jokatzea eta gaya izanda haztea sekula gurutzatu ez diren bi bide dira».
Cavallok argi du ez dela goi mailako futbolari homosexual bakarra, eta esan du haiek euren sexualitatea bizitzeko duten modua aldatzea dela bere helburua. Adelaide Unitedek eta bere taldekideek babes osoa erakutsi diote.
Euskal Herriko hainbat futbol taldek zoriondu egin dute jokalaria.
«Zutaz harro, Josh», idatzi du Athletickek, ingelesez, Twitter sare sozialean, eta eskerrak eman dizkio futbolariari, euskaraz.
âÂœŠðŸ³ï¸ÂÂÂÂðŸÂŒˆ Proud of you, Josh!
— Athletic Club (@athletic_eus) October 27, 2021
Eskerrik asko. Harro!#AthleticClub ðŸ¦Â https://t.co/NOuc6Hm7tb
Proud hitza (harro, ingelesez) ostadar banderen artean jarri du Realak, Twitterren zabalduriko txio batean.
ðŸ³ï¸ÂÂÂÂÂðŸÂÂŒˆ ð—£ð—¥ð—¢ð—¨ð—— ðŸ³ï¸ÂÂÂÂÂðŸÂÂŒˆ https://t.co/4HzuZgKCl0
— Real Sociedad Fútbol (@RealSociedadEUS) October 27, 2021
«Zutaz harro», idatzi du Alavesek.
ðŸ³ï¸ÂÂÂÂðŸÂŒˆ Zutaz harro, @JoshuaCavallo 👠https://t.co/NOZA3kPEls
— Deportivo Alavés (@Alaves_eus) October 27, 2021
Antzeko mezua plazaratu du Eibar taldeak.
Orgullosos de ti, @JoshuaCavallo
— SD Eibar (@SDEibar) October 27, 2021
Harro, oso harro. Proud of you 💪 https://t.co/rWKmKWQ2kb
Aurrekariak
Australiarrak gertuen duen kasua Andy Brennanena da; futbolari hark ere homosexuala zela aitortu zuen 2019an, Australiako bigarren mailan jokatzen ari zenean.
Badira beste pare bat aurrekari ere, baina gaya zirela erretiroa hartu ostean iragarri zutenenak. Thomas Hitzlsperger da bat, Aston Villa, Stuttgart, Lazio, West Ham, Wolfsburgo eta Everton taldeetan jokatu zuen alemaniarra; futbol profesionala utzi eta urtebetera esan zuen hark gaya zela, 2013an. Urte hartan bertan aitortu zuen bere homosexualitatea Robbie Rogers estatubatuarrak ere, Premier Leagueko Leeds United taldeko jokalari ohiak; otsailaren 15ean erretiratu egin zela esan zuen gaya zela iragartzearekin batera, baina maiatzean Los Angeles Galaxyrekin hasi zen.
Futboletik kanpo, Carl Nassib NFL futbol amerikarreko ligako jokalariak eman zuen aurrerapausoa aurtengo ekainean. Las Vegas Rangerseko jokalariak Instagram bidez egin zuen aitortza, eta esan zuen arduragatik egin zuela publiko gaya dela: «Espero dut egunen batean horrelako bideoak beharrezkoak ez izatea». Adierazi zuen bestea onartzearen aldeko kultura bat, errukitsua dena, sustatzearen alde egingo duela lan. Bide batez, azaldu zuen LGTBQ komunitatean suizidioa prebenitzeko lan egiten duen proiektu bati 100.000 dolar emango zizkiola.
Nassiben adierazpenak oihartzun handia izan zuen, eta NFLko hainbat taldek eta jokalarik babesa adierazi zioten hari ere.
Justin Fashanuren kasua
Futbolean bada gogoan izatea merezi duen beste kasu bat: Justin Fashanurena. Fashanu beltza, txiroa eta gaya zen, baita 80ko hamarkadako aurrelari bikaina ere. Ingalaterrako Norwichen bikain ibili ostean, garaiko talde onenetako batek fitxatu zuen: Nottingham Forestek. Lehen aldiz, jokalari beltz batengatik milioi bat libra baino gehiago ordaindu zituen klub batek.
Han, ordea, Brian Clough izan zuen entrenatzaile, eskola zaharreko entrenatzaile horietako bat, eta hark behin baino gehiagotan aurpegiratu zion homosexualen tabernetan ibiltzea. Azkenean, entrenatzailearen jokabidea, errendimendu eskasa eta zaleen irainak pilatu zitzaizkion Fashanuri, eta taldetik bereizi zuen klubak.
Azkenean, gogoz kontra eman behar izan zuen bere sexualitatearen berri. The Sun egunkariak xantaia egin zion, eta bere azalean atera zuen aurrelaria: «Milioi bat librako futbol izarra: gaya naiz», zen azalaren izenburua. Orduan amaitu zen bere futbolari ibilbidea; bere familiak baztertu egin zuen, baita hedabideek ere.
1998an bere buruaz beste egin zuen, 37 urterekin, Londresen. Hilabete lehenago, mutil batek sexu eraso bat egin izana egotzi zion AEBetan, eta han bidezko epaiketarik izango ez zuelakoan itzuli zen Erresuma Batura. Bere agur oharrean idatzi zuen ez zuela eraso hori egin: «Baimendutako sexua izan zen».
Espainiako ligetan, 142 profesional gay
Espainian, aurtengo martxoan, legez besteko proposamen bat aurkeztu zuen PSOEk kirolean sexu askatasunaren aurkako jarrerak saihesteko, bereziki futbolean. Haien datuen arabera, Europako gizartearen %6 LGTBI kolektiboaren parte da, eta, ondorioz, Espainiako futbol liga profesionaletan jokatzen duten 142 gizon ere bai.
Gizonezkoen Espainiako bi liga nagusietan hainbat euskal ordezkari daude; haietan, denera, ia mila jokalari daude, eta haietatik batek ere ez du esan gay dela.