Arkeologia

Ezkutaturik dauden 478 monumentu aurkitu dituzte Mexikon laser bidez

Oihanak estaltzen dituen lautada artifizial batzuk atzeman ditu zientzialari talde batek, Mexikoko Gobernuak LIDAR teknologiaren bidez hartutako irudiak aztertuz.

Aguada Fenixeko indusketa gunea, LIDAR teknologia bidez hartutako irudi batean. ALFONSO BOUCHOT / WIKIMEDIA COMMONS (CC BY-SA)
jon ordonez garmendia
2021eko urriaren 26a
17:07
Entzun

Zientzialari talde batek Mexiko hegoaldean orain arte ezkutaturik egon diren 478 monumentu atzeman ditu LIDAR teknologiarekin hartutako irudi batzuei esker. Laser teknologia hori airetik erabiliz jasotako irudietan, oihanak ezkutatzen dituen lautada artifizial batzuk aurkitu dituzte, eta ondorioztatu dute ospakizunetarako eta liturgiarako erabiltzen zirela gune horiek, Science aldizkariak argitaratu duenez. Duela 3.000 urteko egiturak izan daitezkeela iragarri dute, eta emaitza ikerketarako inspirazio iturri izango dela zenbait hamarkadatan.

Aztertutako irudiak ez dira berriak; Mexikoko Gobernuak lehendik publiko egindakoak dira. Aurkikuntza egin duten ikerlariek jakin nahi zuen Aguada Fenix indusketa gunean aurkitutako patroi bat errepikatzen ote zen, eta irudi horiek zehatz-mehatz ikertzeari ekin zioten. Aguada Fenixen, iaz Nature aldizkariak iaz jakinarazi zuenez, maien inoizko eraikuntzarik handiena aurkitu zuten. K. a. 1000 eta 800 urteen bitartean datatu zuten, eta 1.400 metro luze eta hamabost metro garai den plataforma bat aurkitu zuten. Horren ondoan, alde banatan, beste hamar plataforma txikiago aurkitu zituzten, hogei guztira.

Adituek azaldu zutenez, alboetan plataforma txikiagoak dituen plataforma handiago baten patroia errepikatu egiten da inguru horretan. Horregatik, orain 500 monumentu atzeman dituen zientzialari taldea patroi horren bila hasi zen eremu zabalago batean Mexikoko Gobernuaren irudietan. 84.500 kilometro karratu ikertu dituzte, irudiak banan-banan aztertuz.

LIDAR (ingelesez, Laser Imaging Detection and Ranging) laserrarekin gauzak neurtzeko sistema bat da. Airetik erabilita oso baliagarria da arkeologian, irisgarritasun txikia duten tokietan. Normalean, LIDAR teknologiak bost metroko eskala duten irudiak jasotzen ditu, bereizmen txikia duelako. Ikerlariek, ordea, irudi horiek bereizmen handiko mapekin alderatu dituzte, eta 478 eraikuntza aurkitu dituzte, horietako batzuk Aguada Fenixeko patroi berbera dutenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.