Enrique Maiaren ustez, «oso larria» da finantzaketa eredua aldatzea

Iruñeko alkatearen iritziz, Iruñeak hiritartasun gutuna izateagatik jaso ohi duen milioi kopurua galtzea «urratu handi bat».

Enrique Maia, udaletxean, iragan uztailaren 6an. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2021eko urriaren 26a
13:51
Entzun

Haserre dago Enrique Maia Iruñeko alkatea. Nafarroako Gobernuak EH Bildurekin udalen finantzaketa eredua aldatzeko akordioa hitzartu du. Orain arte Iruñea hiriburuari mesede egin baina eskualdeen arteko desberdintasunak areagotzen zituelakoan, beste banaketa sistema bat proposatu du akordioak. Behin edukia ezagutarazita, Javier Remirez gobernuko presidenteak Iruñeko alkatearen proposamenak «ongi etorriak» direla proposatu du. Maiak horrela erantzun dio: «Utz ditzala gustu txarreko txantxak eta ez dezala alkate honen emozioekin jokatu».

Udalen artean dirua banatzeko hiru poltsa nagusi sortzea proposatzen du akordioak —gastu arrunta finantzatzeko, 196 milioi; zerbitzu defizitak ordaintzeko, 45 milioi; eta lurralde kohesioa sustatzeko, 16 milioi—. Dirua banatzeko orduan, batetik, udalen gastu beharra, eta, bestetik, hari aurre egiteko finantza ahalmena aintzat hartuko dituen kalkulua egitea proposatzen du. Udalen artean banatu beharreko diru kopurua 16 milioi euro handituko da 2022tik aurrera, eta etorkizunean kopuru hori finkatzeko igoera ere proposatu da, baina, era berean, bermatu nahi dute 5.000 biztanletik beherako herriek aurtengo kopuruaren %100 jasotzea eta 5.000tik gorakoek, gutxienez, %98.

Orain arte onuradun nagusi izan den bezala, banaketa sistema berriak bete-betean eragiten dio Iruñeari. Aurten baino 1,2 milioi gutxiago jasoko ditu, eta, gainera, lehengo sistema hiriburu gutuna izateagatik ziurtatua zuen diru kopuru finko bat —aurten, 26 milio euro— kendu egingo zaio.

Maiaren kritikak

Espero zen bezala, Navarra Sumak eta Maiak gogor kritikatu dute akordioa. Maiaren arabera, hiritartasun gutuna Foru Hobekuntzan jasota dator, eta hura kentzeak «urratu oso handia» eragingo dio udalari. «2022ko aurrekontuak aurkezteko oso gutxi geratzen da, eta ez dugu tarte handirik». Gobernuren arabera, aurten baino 1,7 milioi gutxiago jasoko ditu, baina, Maiaren arabera, «sei milioi gutxiago» izango dituzte sistema berriarekin.

Akordioaren berri eman denean, Bernardo Ziriza Lurralde Kohesioko kontseilariak nabarmendu du aurreko sistemak udalen eta eskualdeen arteko desberdintasunak areagotu dituela eta onuradun nagusia Iruñea izan dela, biztanleko 432 euro jaso dituelako, gainerako udalek baino nabarmen gehiago. Maiaren arabera, hori ez da horrela. «Nafarroa osoarekin solidarioak gara, ez gara desberdintasunen eragile». Maiaren arabera, urtean %2 gutxiago jasoz gero, kaltea handia izango da: «Epiri eta Blasi goxokiarekin gertatutakoa errepikatuko da. Xurgatu eta xurgatu, eta goxoki gabe geratu ziren».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.