Aitak aipatu zion Antton Moustiratsi (Itsasu, 1983), bere sorterrian, Izuran, haurrean ikusi zuela Omiasaindu bezperako ospakizun hori: kuiak hustu eta barnean xirio bat pizturik ezartzen ziren. Azken urteetan AEBetako Halloween jaia Itsasuraino heldua zela ikusirik, 92 haur dituen Itsasuko ikastolako buraso batzuekin lan bat abiatu zuten Euskal Herrian sineste zaharretan ospatzen zen Arimen Gaua, larrazkeneko besta, berriz ekartzeko, beste mami batekin. Urriaren 31n eginen dute.
Nondik etorri zaizue Arimen Gaua berriz sortzeko nahikaria?
Hastapena da gure etxeetarat jiten zirela haur batzuk frantsesez Halloween ospatzera, un bonbon ou un sort [goxoki bat ala zorte bat] erranez, goxoki eske. Ikastolan buraso multzo bat bagara Euskaraz Bizi batzordean; hausnarketa bat egin genuen: gogo guti genuen holako besta batean parte hartzeko, holako baldintzetan eta holako funts eskasarekin; beste zerbait asmatu behar zen.
Behiala zerbait egiten zela entzuna zenuten?
Bai buraso batzuen artean, bai Gure Irratian entzunik, jakin genuen Euskal Herrian bazela beste ospakizun mota bat. Iaz, Jaime Altuna antropologoa [Itzalitako kalabazen berpiztea liburuaren egilea, Josu Ozaitarekin batera] etorrarazi genuen jakiteko zer zen xuxen besta hori eta nola egiten zen. Esplikatu zuen Europa guzian heriotzaren inguruko ospakizun bat egiten zela, udazkenean; gauak gero eta luzeago, hotzago; iluna; baratzeak hiltzen ari; uztak fini. Hilak omentzeko besta pagano bat bazen, eta, gero, giristinoek Omiasaindu sortu zuten. Euskal Herrian ere ospatzen zen: sukaldeetan kandelak pizten zituzten arimak berotzeko, urteko hilak berriz etortzeko sukaldera; kuiak beldurgarri egiten arima txarrak kanporatzeko, eta holako. Horretan lanean hasi ginen beste zerbaiten antolatzeko.
Halloween ere halako zerbait zitekeen?
Jatorriz Irlandakoa da; irlandarrak Estatu Batuetara joanik, Estatu Batuek beren nortasuna azkartzeko berriz atera zuten, eta beren modelo kapitalistan barreiatu munduan zehar. Gaur egun ospatzen dena hango egiteko maneraren erreprodukzioa da, arrunt. Iparraldean ere egun manera horretan ospatzen da, beste funtsik gabe.
Euskal gisara egin nahi duzue?
Halloween bezala eske bat nahi dugu egin, haurrak mozorrotu besta giroan, jendeengana joan, baina ez un bonbon ou un sort funtsik gabeko esaldiarekin; gure gisara, gure mamiarekin, garenarekin apainduz. Gure haurrek horretan ez parte hartu ordez, besta hori geureganatu nahi dugu.
Zer forma luke?
Pixka bat desberdina izanen da aurtengoa. Ez da baitezpada eske bat izanen, hiru eskolak [ikastola, elebidun giristinoa eta elebidun publikoa] arrunt bereizirik egon baitira COVID-19arekin; ez dute ospatu Olentzerorik, ez inauteririk. Haurtzaindegiak ere lehen elkarrekin ziren, eta, orain, bereiz. Haurrak berriz batzeko, haien artean euskara eta euskal kultura berriz partekatzeko, IDB Iparraldeko Dantzarien Biltzarreko dantza irakasleak etorri dira —haiek galdeturik—, eta sorkuntzak lantzen dituzte hiru eskoletan. Egun horretan, desfile bat eginen dugu sorkuntzak plazaratzeko.
Itsasuarrak gomitatuko dituzue?
Inguruko biztanleak gomitatuko ditugu. Plazatik abiatu, eta Atharrira ailegatuko gara; hara jinen direnek jatekoa eta edatekoa ekarriko dute, partekatzeko. Ez da izanen sos istoriorik. Besta ez-komertziala izanen da. Mozorroak ganerretako zerekin eginen dira. Bertsolariak izanen dira. Eske ttipia izanik ere, nahi genuen haurrek zerbait presta zezaten beste haurrei eta herritarrei eskaintzeko. Herritarrak etxetik ekarri gauzekin etorriko dira. Egiazko hartu-eman bat izanen da.
Errotzeko xedea zenukete?
Helburua da haur besta baten berrasmatzea. Otsail-apiriletan egiten da nerabe eta heldu gazteen besta inauteri inguruan, kaskarotekin; basagoa edo. Hor, sei hilabete lehenago, heriotzaren ziklo horretan, haur besta bat izanen da; urtez urte moldatuko dugu. Aurtengo eredua ez da izanen heldu den urtekoa.
Hezkuntzan ere landu dute?
Arimen Gaua eskoletara sartu da, eta haurrak gaiaz jabetzen ari dira: heriotza aipatzen dute, zeina tabu bat den; baratzea landu dute, eta mozorroak egiten dituzte. Haien irudimen kolektiboan sartzen da besta hori; badu hilabete bat eta erdi aipatzen dutela: kontent dira, arrunt sartuak.
Baldintzak baziren Itsasun obra zedin?
Argi da herriko etxea ere alde dugula. Segidan presentatu genien xedea laguntza galdetuz; kostu bat baitu IDBko irakasleen jinarazteak. Izaten ahal zen muga bat eskola batzuendako. Herriko etxeak lagundu eta sostengatu gaitu; ber proiektuan gara, arrunt. Hemen, begi biziki onez ikusi dute, bai eskoletako burasoek, bai irakasleek, bai eta herriko etxeak ere.