Espejel eta Saez Valcarcel, Espainiako Auzitegi Konstituzionalera

PSOEk eta PPk hainbat organutako karguak berritzeko akordioa egin dute. Angel Gabilondo donostiarra Espainiako Arartekoa izango da.

Espejel eta Saez Valcarcel, Josep Lluis Traperoren aurkako epaiketan. CHEMA MOYA, EFE
2021eko urriaren 22a
13:39
Entzun

Hainbat hilabeteren ostean, PSOEk eta PPk botere judizialeko zenbait organu berritzeko akordioa erdietsi zuten atzo iluntzean, eta eurek proposatukoek ordezkatuko dituzte orain arteko kargudunak. Auzitegi Konstituzionalean kargua hartuko dutenen artean daude Concepion Espejel eta Juan Ramon Saez Valcarcel Auzitegi Nazionaleko epaileak.

Espejel Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoko presidentea da eta PPk proposatuta sartuko da Konstituzionalean. Bera izan zen Altsasuko auziko epaileetako bat. Gazteen defentsak kasutik ateratzeko eskatu zuten Guardia Zibileko koronel batekin ezkonduta dagoela argudiatuz, eta, «agerikoa» delako «lotura psikologiko edo afektibo sendoak» dituela haren bikotekidea kide den erakundearekin. Gainera, gogoratu zuten Guardia Zibilaren Meritu Ordenaren domina eman ziola Espainiako Barne Ministerioak Espejeli.

Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusian ere PPren eskutik sartu zen. Horregatik, alderdi horren ustelkeria argitzeko Gurtel auziko epaile izendatu ondoren, aldeetako batek apartatzeko eskatu zutenean, Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak bat egin zuen eskaerarekin.

Juan Ramon Saez Valcarcel PSOEk proposatuta egongo da Konstituzionalean, baina zenbaitzuek adierazi dute Podemosei utzitako kuota betetzen duela. Euskaldunon Egunkariaren auziko epailea izan zen, Javier Gomez Bermudezekin eta Manuela Fernandezekin batera.1996tik 2001era Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia bokala izan zen Izquierda Unidak proposatuta.

Egunkaria auziko auzipetuak absolbitzeaz gain, Josep Lluis Trapero Kataluniako Poliziaren burua ere absolbitu zuen, 2017ko erreferendumean izan zuen parte hartzeagatik epaitu zutenean (Espejel ere epaile izan zen epaiketa horretan eta absoluzioaren kontrako boto partikularra eman zuen). 2011n Kataluniako Parlamentua blokeatu zuten antisistemak ere absolbitu zituen.

Memoria historikoari buruzko hainbat artikulu idatzi ditu, auzitegi frankisten epaien baliogabetzea defendatu zuen eta diktadurako krimenei nazioarteko legedia ezarri behar zitzaiela ere bai.

Bi horiez gain, Inmaculada Montalban Huertas eta Enrique Arnaldo Alcubilla ere izango dira Auzitegi Konstituzionalean.

Espainiako Ararteko, berriz, Angel Gabilondo donostiarra izango da, Jose Luis Rodriguez Zapateroren garaian, 2009 eta 2011 artean, Espainiako Hezkuntza ministro izandakoa.

Kargu berri guztiak Espainiako Kongresuak onartu beharko ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.