Lan baldintzak

LABek proposatu du lan astea 30 ordukoa izatea eta erretiroa 60 urterekin hartzea

Bi lege egitasmo aurkeztu ditu Eusko Legebiltzarrean, Lan Kodeko eta Gizarte Segurantzako sistema propioa sortzeko. Madrilgo negoziazioetan presioa egiteko eskatu die bertako alderdi politikoei.

LABeko ordezkariak ostegun honetan Eusko Legebiltzarraren atarian eginiko agerraldian. RAUL BOGAJO (FOKU)
jokin sagarzazu
2021eko urriaren 21a
15:47
Entzun

LABek lan harremanetarako eta gizarte babeserako euskal esparrua sortzea galdegin du. Besteak beste, lan astea 30 ordukoa izatea proposatu du, erretiroa 60 urterekin hartzea, eta lanbide arteko gutxieneko soldata 1.400 eurotan ezartzea.

Sindikatuak Euskal Herrira ekarri nahi ditu lan eta gizarte segurantzaren eztabaidak; «herri eztabaida» bat piztu nahi du gai horien inguruan. Uste du Madrilen eta Parisen negoziatzen ari diren erreformei ahots propioz erantzun behar zaiola, eta helburu horretara bildu nahi ditu bertako alderdi politikoak ere. Xede horrekin, Eusko Legebiltzarrean bi lege egitasmo erregistratu ditu, eta eskaera horiek Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko erakundeetara ere eramango dituela adierazi du.

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak azaldu duenez, Madrili presio egin behar zaio azken urteetako lan eta pentsio erreformak indargabetzeko eta negoziatzen ari diren araudi berriek ekar ditzaketen «murrizketa berriei» ateak ixteko. Norabide horretan lanean ari dira sindikatu abertzaleak aspalditik, eta Hego Euskal Herrian greba orokorrera deitzeko negoziazio betean dira.

Espainiako Gobernuko eta hango sindikatu eta patronal nagusien arteko elkarrizketen emaitzen araberakoa izango da erantzuna. Horiek, baina, blokeatuta daudela zabaldu dute azken egunetan hainbat komunikabidek, ustez PPren lan erreforma indargabetzeari buruz jarrera kontrajarriak daudelako. Gobernuak azaroaren erdialderako adostu nahi du testua, ondoren Bruselara igortzeko.

Horrez gain, LABek uste du Euskal Herrian ere urratsak egin behar direla bi alor horietan, kasu honetan «araudi propioak» izateko, nahiz eta jakitun dagoen horretarako egungo eredu autonomikoaren mugak gainditu behar direla. Hala, «burujabetzaren bidean aurrera egiteko proposamen» gisa aurkeztu ditu eskaerak. «Euskal Herri bateratu baterako trantsizio horretan, eremu bakoitzak Euskal Lan Kodea eta Gizarte Segurantzaren lege propioa bermatu behar ditu», azaldu du Aranburuk.

Pobrezia, zergak eta zaintza

LABek Eusko Legebiltzarrean erregistratu dituen bi lege egitasmoak gaur-gaurkoz ez dira egingarriak, alor horietako eskumenak Espainiako Gobernuarenak direlako. Dena den, sindikatuak uste du «egungo eskumenetatik abiatuta» hainbat neurri bultza daitezkeela. Horretarako, «gobernuan ez dauden alderdiei» mintzatu zaie bereziki, eta euskal erakundeetan LABek aipatutako proposamenak jasotzen dituzten egitasmo instituzionalak bultzatzeko eskatu die.

Besteak beste, zerbitzu publikoak indartu beharra nabarmendu du sindikatuak bere eskaeretan, aurrekontuetan inbertsio handiagoak eginez. Edo pentsioentzako osagarriak bultzatu beharra, gutxienez 1.080 eurokoak izan daitezen. Laneko osasuna bermatzeko neurriak ere galdegin ditu; pobreziaren eta gizarte bazterkeriaren aurkako herri ekinaldi legegilean jasotako neurriak onartzeko; eta erreforma fiskalak bultzatzeko, «kapital errentak eta enpresa irabaziak gehiago zergapetzeko».

Horrez gainera, uste du «gobernuko alderdiek» patronalekin batera lanbide arteko akordio bat bultza dezaketela, horren bitartez 1.400 euroko gutxieneko soldata bermatzeko, bost egun eta 30 orduko lan astea ezartzeko, eta langileak kaleratzerako egun dauden «erraztasunak» eta behin-behinekotasuna mugatzeko. Negoziazio kolektiborako esparru propioa defendatzeko eskatu die, halaber.

Neurri horietako batzuk jasota daude Lan Kode eta Gizarte Segurantza propioak sortzeko lege egitasmoetan. Aranburuk azaldu duenez, proposamen horien oinarrian dagoen ideia da «zaintza, enplegua eta ondasuna banatzea». 30 orduko lan astearekin batera hauek azaltzen dira, besteak beste: 60 urterekin erretiroa hartzea —aurreneko bi urteetan %40 eta %20ko lanaldiekin—, kaleratze librea indargabetzea, eta lanbide arteko gutxieneko soldata 1.400 eurotan ezartzea.

Pentsioei dagokienez, berriz, sindikatuak proposatu du 1.080 eurotik beherakoak 1.400 euroraino osatzea. Zaintzarako funts publiko baten sorrera ere aurreikusten du, enplegatu eta enpresa guztien ekarpenekin finantzatuta, besteak beste, haurdun dauden emakumeentzako prestazio ekonomikoak soldata errealaren %100 izan daitezen; eta guraso baimen berriak ere jasotzen ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.