Koronabirusa

Basurtuko erietxeko agerraldian kutsatu direnak hamazazpi dira jadanik

Pazienteak eta erietxeko langileak dira positibo eman dutenak. Guztiak daude bakartuta, eta Revilla eraikineko bisitak mugatu dituzte.

Basurtuko ospitaleko Revilla eraikina. MARISOL RAMIREZ/ FOKU
edurne begiristain
2021eko urriaren 21a
14:02
Entzun

Basurtuko ospitaleko Revilla eraikinean agerraldi bat atzeman zuten atzo, eta honezkero hamazazpi pertsonak eman dute positibo. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eman dituen datuen arabera, pazienteak eta erietxeko langileak dira kutsatutakoak. Guztiak bakartuta daude, eta agerraldia atzeman den eraikinaren bigarren planta desinfektatu egin dute. Agerraldiaren berri izan orduko, protokoloak martxan dira Basurtuko erietxean. Osasun Sailak jakinarazi duenez, positibo eman duten paziente guztiak gune bakar batera lekualdatu dituzte, kontaktuan izan diren pertsonekin harremanetan jarri dira, eta kontaktua izan duten profesional eta pazienteen artean asteroko baheketa egingo da. Halaber, bisitak mugatu egin dituzte Revilla eraikinean.

Horrelako agerraldiak egongo zirela espero zela esan du gaur goizean Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, eta azpimarratu du «oso garrantzitsua» dela babes neurriak zorrotz betetzen jarraitzea. «Hamabi urtetik beherako gazte guztiak txertoa hartu gabe daude, eta beste muturrean adineko pertsonak daude, arrisku taldekoak. Tartean beste guztiok gaude, eritasuna batetik bestera eraman dezakegunak», adierazi du. Zupiriak ohartarazi duenez, pandemia oraindik ez da amaitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.