Musika

Jon Baguesi emango dio Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona saria

Euskal musikaren ondarearen alde egindako lana aitortuko diote, haren berreskurapenean, aholkularitzan, zabalkundean eta sustapenean urte luzez garatutako jardun oparoa.

Jon Bagues, iazko urtarrilean, Eresbilen bi hamarkadatako balorazioa egiteko agerrldian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Berria
2021eko urriaren 21a
11:50
Entzun

Epaimahaiak nabarmendu duenez, alderdi ugaritatik aritu da Jon Bagues Erriondo (Errenteria, Gipuzkoa, 1955) euskal musika ondarearen alde, eta horregatik erabaki dute Eusko Ikaskuntzaren 38. Manuel Lekuona saria hari ematea aurten. «Baguesek konpositoreen lanak berreskuratzeko modua eman du, eta zabalkundea erraztu. Era berean, lanean ari diren konpositoreei lagundu die, eta musika ikasteko eta interpretatzeko erakundeak sortzen lagundu du; Peñaflorida kapera, adibidez, 1985etik antzinako musika ikertzen eta hedatzen ari dena», adierazi dute.

Baguesek Donostiako, Bartzelonako eta Madrilgo kontserbatorioetan egin zituen musika ikasketak. Filosofia eta Letrak ikasi zituen Donostian, eta musikaren historian espezializatu zen Bartzelonan. Ondoren, Artxibistika eta Dokumentazioan trebatu zen Madrilen. Eusko Ikaskuntzako buru izan zen 1990 eta 1996 bitartean, eta musika sailaren sorreran parte hartu zuen 1979an.

Bi hamarkada egin ditu Eresbil Musikaren Euskal Artxiboko zuzendari postuan, iaz erretiroa hartu zuen arte. Harekin, Eresbil profesionalizatu egin zen, postua uztear zenean BERRIAri adierazi zionez: «Hasiera-hasieratik profesionalizazio prozesua bizi izan dut nik. Gaur egun, 11 langile ditugu, profesionalak denak. Soinu teknikari bat ere badaukagu, lehen pentsaezina zena».

Haien lana «nahiko ezezaguna» dela adierazi zuen, baina ezagun izatea baino garrantzitsuagoa «existitzea eta funtzionatzea» dela nabarmendu zuen; zerbitzu ona ematea: «Gure ondarea galtzen ez uztea, berreskuratzea, zaintzea, katalogatzea eta informazioa kudeatzea; hori guztia kaleratzea eta, ahal den neurrian, eskura jartzea». Dena iragankorra den garaiotan Eresbilen gisako «helduleku» bat izatearen garrantzia ere aipatu zuen: «Kulturarako, gu zuhaitz baten zuztarretako bat izango ginateke, memoria lantzen duena. Memoriarik gabe... adineko pertsonak memoriarik gabe zertan geratzen dira? Herri batentzat, berdin; jakin behar da nondik gatozen».

Konpromisoari aitorpena

Eresbilen izandako urte horietan guztietan, besteak beste, Musikaste jaialdia antolatzen aritu da Bagues, ekoizten den musika zabaltzeko helburuz, eta saria ematea erabaki dutenek Euskal Herrian zein kanpoan hainbat musika erakunderi eskainitako aholkularitza teknikoa ere izan dute gogoan. Euskal musika ezagutarazteko komunikabideekin garatutako lankidetza eta herrialde osoko musika zein kultur erakundeekiko erakutsitako «konpromiso aktiboa» ere azpimarratu dituzte.

Manuel Lekuona sariaren azken aldietan, Jose Ramon Etxebarriak, Xabier Amurizak, Mari Jose Auzmendik, Jean-Louis Davantek eta Joan Mari Torrealdaik eskuratu dute aitortza, beste askoren artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.