Hamar urte bete dira gaur ETAk bere jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragarri zuenetik, eta, urteurrenean, inkesta bat argitaratu du EITBk. Hego Euskal Herriko 1.600 pertsonari galdetu diete ETAren indarkeriaren osteko aroaz, eta, besteak beste, ondorioetako bat da, gatazkaren konponbidean egiteko geratzen direnen artean, euskal presoen auzia konpontzea dela gehien babesturiko aukera; bostetik batek hori dute lehentasun. Izan ere, euskal presoen hurbilketak babes zabala dauka; lau herritarretik hiruk babesten dute.
Galdera horretan bertan, bigarren aukera da «ETAren eta ezker abertzalearen damua eta aitortza» (%15). Inkestak, ordea, irailaren 28tik urriaren 4ra egin zituzten; Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak eta Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak ETAren biktimei egindako adierazpena zabaldu aurretik.
ETAren jardunaz ere galdetu du EITB Focus inkestak. Esaterako, galdekatutako hiru herritarretik bik uste dute ETAk «lehenago» amaitu behar zuela, eta %12,5 dira uste dutenak ez zituela armak inoiz erabili behar. Erakunde armatuak ekarpen positiborik egin duen galdetuta, berriz, 2,7ko nota jarri diote hamar puntutik. Horrez gain, %65ek ziurtzat dute ez dela ETAren gisako beste mugimendurik sortuko.
Halere, emaitzek adierazten dute bake prozesua ez dagoela herritarren kezken artean; soilik %2,2k aipatu dute, ekonomiak eta enpleguak eragiten duen kezkatik urrun (%33). Ideia hori berresten du beste erantzun batek: hamar herritarretik zazpik diote pertsonalki «garai hura gainditu» dutela. Edozein kasutan, hamarretik seik uste dute ETAren biktimek ez dutela izan behar bezainbesteko egiarik, justiziarik eta erreparaziorik.