Literatura

Alex Gurrutxagak Euskadi saria irabazi du, Xabier Leteri buruzko saiakeragatik

Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria lanagatik eskuratu du aitortza Gurrutxagak, euskarazko saiakeraren modalitatean.

Alex Gurrutxaga, iaz, Leteren inguruko liburua eskuetan. GORKA RUBIO / FOKU
2021eko urriaren 20a
11:03
Entzun

Joan den astean jakinarazi zituzten Euskadi sarietako aurtengo irabazle zenbaiten izenak, eta falta ziren kategorietakoen berri eman dute gaur. Saiakera Euskaraz modalitatean, Alex Gurrutxaga Muxika saritu dute, Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria (Alberdania) lanagatik. Liburuak «ekarpen handia egiten du Xabier Lete poetaren eta haren obraren inguruan», epaimahaiaren iritziz. «Gure poeta handienetako bat ezagutzeko aukera ematen du, bere ideiak publiko egiten ditu, eta, gainera, bere kantagintza eta kontzertuak lotzen ditu garai horretako giro eta pentsamenduarekin». Juan Ramon Makusok, Patxi Juaristik, Aitor Zuberogoitiak, Amaia Bacigalupek eta Katixa Agirrek osatu dute epaimahaia.

Sariak sorpresaz hartu duela aitortu du Gurrutxagak: «Topikoa da, baina, egia denez, esan behar dut ez nuela espero». Liburua ikerketa baten emaitza dela adierazi du, eta azken orrietan eskerrak eman dizkie lagundu dioten guztiei. «Ez dakit zerrenda horrek justizia egingo dien, izen batzuk urregorriz idatzi beharko nituzkeelako nire esker ona emateko», azaldu du.

Lanaren «hutsune» eta «gabeziak» onartuta ere, Gurrutxagak adierazi du poz handia sentitu duela ikustean euskal kulturgintzaren bidea jorratu zuten horien lana erakusten ari dela: «Poza erraldoi bihurtzen da ikusten duzunean [...] hondar aletxo bat jarri duzula Lete eta enparauek egin zutena transmititzeko».

Beste hiru kategoriatako saridunen izenak ere jakinarazi ditu Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak. Literatura Gaztelaniaz atalean, Txani Rodriguezek jaso du aitortza, Los últimos románticos liburuagatik. Epaimahaiaren ustez, haren idazkera «zorrotza da, xehetasunari adi dago, eta erritmo narratibo bikaina du». Lan Literarioen Ilustrazioa kategorian, berriz, Javier de Isusiri eman diote saria, Transparentes. Historias del Exilio colombiano lanagatik. Epaimahaikideen arabera, «pisu emozionaleko komikia da, baina, aldi berean, liburu arin eta biribila egituran, oso teknika narratibo eta grafiko onarekin, eta istorioa modu bikainean ixtea lortzen du». Gaztelaniazko saiakeraren alorrean, azkenik, Mikel Reparazek eskuratu du saria, Las grietas de América lanagatik. Idazkeraz gain, liburuak hizpide dituen «gaien interesa eta gaurkotasuna» nabarmendu ditu epaimahaiak, «bai eta tratamenduaren koherentzia ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.