Sanchezek ziurtatu du ez dituela presoak askatuko EH Bilduk aurrekontuak babestearen truke

Arnaldo Otegik alderdiko militanteekin Eibarren egindako ekitaldi batean esandakoaz galdetu dio Pablo Casadok gaur Sanchezi, eta EH Bildu «zuritzea» leporatu dio.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, gaur, Kongresuko saioan. EMILIO NARANJO/ EFE
edurne begiristain
2021eko urriaren 20a
10:46
Entzun

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Pablo Casado PPko buruari esan dio ez dituela presoak askatuko EH Bilduk datorren urteko aurrekontuen alde bozkatzearen truke. Espainiako Kongresuko kontrol saioan mintzatu da gaur Sanchez, PPko presidenteak egindako galderari erantzunez. Hain justu ere, Casadok hizpide izan ditu Otegik herenegun Eibarren (Gipuzkoa) EH Bilduko militanteen aurrean esandako hitzak: El Correo-k argitaratu du topaketa horretan Otegik esan zuena. «200 preso ditugu, eta kartzelatik irten behar dute. Eta, horretarako aurrekontuen alde bozkatu behar badugu, arazorik gabe bozkatuko ditugu. Argi eta garbi esaten dugu hori», adierazi zuen Otegik.

Kongresuaren kontrol saioan, PPko buruzagiak EH Bildu «zuritzea» leporatu dio Espainiako Gobernuari. Sanchezek, berriz, erantzun dio ez dituztela presoak askatuko EH Bilduk aurrekontuak onartzearen truke: «Ezezko borobila» eman dio Sanchezek aukera horri. Halaber, deitoratu egin du PPk ETAren amaieraren hamargarren urteurrenaren egunean akusazio horiek egitea eta «demokraziaren garaipena ez ospatzea». Sanchezek esan du PSOEk ez duela inoiz «terrorismoa» erabili helburu politikoekin, ez ETA zegoenean, ez orain. «Indarkeriaren amaieraren hamargarren urteurrena ospatzen dugu, eta hori demokraziaren arrakasta da», azpimarratu du.

Casadok, berriz, gogor jo du Sanchezen aurka. ETAren biktimak «atzean» utzi dituela aurpegiratu dio, gogoratuta «odol delituak dituzten ehun bat preso» Euskal Herriko espetxeetara hurbildu dituela. «Otegi ez da bake gizona, terrorista bat baizik». Casadoren ustez, EH Bilduk ETAren indarkeria gaitzetsi, presoen omenaldiak amaitu eta justiziari lagundu beharko lioke «ETAren 300 hilketa argitzeko». EH Bildurekin akordiorik ez egiteko ohartarazi dio, halaber, Sanchezi: «Gaur bertan hautsi behar duzu Bildurekin. Ez diegu ezer zor. Biktimei, ordea, dena zor diegu: memoria, duintasuna, egia eta justizia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.