GKSk mugimendu sozialistaren aurkako kriminalizazioa salatu du

Azaldu duenez, «maniobra politiko-polizial bat» da El Mundo egunkariak mugimendu sozialistako kideen erretratuekin artikulu bat argitaratu izana.

Euskal Herriko Gazte Sozialisten Topaguneko une bat, joan den astean, Altsasun (Nafarroa). JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2021eko urriaren 19a
15:56
Entzun

Asteburuan zeresana eman zuen El Mundo egunkariaren Crónica gehigarrian argitaratutako Kume berrien deialdi handia (La gran convocatoria de los nuevos cachorros, gazteleraz) erreportajeak. Hark hizpide zuen Gazte Koordinakunde Sozialistak urriaren 8tik 12ra Altsasun (Nafarroa) antolatu zuen Euskal Herriko Gazte Sozialisten Topagunea, eta izen-abizenekin, argazkiekin eta deskribapenekin ageri ziren mugimendu sozialistako hainbat kide. Leyre Iglesias kazetariak zuzenean lotu zituen haiek ETArekin eta kale borrokarekin.

Gaur, GKSk salatu du eurak seinalatzea zuela helburu erreportajeak: «Mugimendu sozialistako kideen erretratuekin artikulu bat atera izana, oligarkiaren zerbitzura dagoen egunkari baten bitartez egin den maniobra politiko-polizial bat dela ulertzen dugu». Gehitu dute ez dela kasualitatea Altsasuko «indar erakustaldiaren ondoren» argitaratu izana.

Asteburuan dozenaka lagunek gaitzetsi zuten mugimendu sozialistaren aurkako erasoa, eta haietako askok jo zuten «euskal gazteriaren aurkako erasotzat». GKSren arabera, ordea, ez da hori soilik izan: «Proletariotzaren antolakuntza independenteari eman zaion abisua eta egin zaion mehatxua da». Esan duenez, «Espainiako eta Europako enpresari handiak, mafiosoak eta bankariak zerbaiten beldur badira eta zerbait ia ezerezean uztea lortu badute, hori antolakuntza komunista da». Horregatik, azpimarratu du ez dela nahikoa «oinarri sozialdemokratak erakusten duen sumindura isolatu hutsa».

Gazte antolakundearen iritziz, beharrezkoa da «askatasun politikoak defendatzeko oinarri sendo bat eraikitzeko antolakuntza lana, eta hori proletariotza osoaren zeregina da». Azkenik, «sozialismoarekin duen konpromisoa» berretsi du GKSk, baita «klase eta zapalkuntzarik gabeko gizarte demokratikoa» eraikitzekoa ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.