Eusko Jaurlaritza: «Gizartea norabide onean doa»

Su-etenaren 10. urteurrena dela medio, adierazpen instituzional bat plazaratu du Jaurlaritzak, iraganera, orainera eta etorkizunera begira.

Bingen Zupiria, artxiboko irudi batean. DAVID AGUILAR / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko urriaren 19a
14:11
Entzun

ETAren behin betiko su-etenaren hamargarren urteurrenaren harira, adierazpen instituzional bat argitaratu du Eusko Jaurlaritzak, «euskal gizartearen gehiengo handi baten sentimendua» ordezkatuz. Hiru gogoeta plazaratu ditu, iraganari, azken hamar urteetako bilakaerari eta etorkizunari begirakoak. Bingen Zupiria bozeramailearen esanetan, testua «ikuspegi itxaropentsu eta konprometitu baten» erakusle da, «oinarri demokratiko partekatuetan» etorkizun baten alde egiten duelako.

«Atzera begira», «zentzugabetzat» jo du Jaurlaritzak ETAren «jarduera terrorista», eta hura «gaitzesten eta salatzen» duela nabarmendu: «Berrogeitaka urtez iraun zuen indarkeriazko jarduna ezagutu dugun eskubide eta askatasunen urraketarik larriena izan zen». Horren ondorio dira «ETAK utzi zituen 854 hildakoak eta zauritutako, bahitutako, mehatxatutako, eta estortsionatutako milaka pertsonak», azaldu du Zupiriak Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan.

Hartara, su-etenetik gaurdainoko epea «baikorra» izan dela azaldu du, «gizarte gisa norabide onean» emaniko «pauso sendo eta erabakiorren» ondorio dena. Prozesu horretan, «biktimen aitortza», «erakundeena, gizartearena eta morala», lehen pauso bat dela uste du Jaurlaritzak. «Biktima guztiena», nabarmendu du adierazpenean: «Bai ETAren biktimena eta bai eskubideen urraketa guztien biktima izan diren guztiena». Izan ere, Zupiriaren esanetan, bizikidetza bada helburua, ezin da inor atzean utzi. Hori kontuan izanik, etorkizuna eraikitzeko memoriak duen garrantzia azpimarratu du.

«Itxaropenez eta konpromisoz betetako» gogoeta batean, «printzipio eta balio demokratikoetan oinarrituriko» etorkizun baten aldeko apustua egin du. Printzipio horiek «pertsonaren duintasuna, giza eskubideen errespetua eta berme eraginkorra, indarkeriarik eza, errespetua, elkarrizketa, aniztasuna eta pluraltasuna» dira, Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez: «Bat gatoz denok bizikidetza indartzeko eta hobetzeko printzipioak direla, eta bizikidetza da bidea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.