Otegi: «Bide baketsuaren aldeko apustua betirako etorri da»

Rodriguezek eta Otegik esan dute adierazpena ez dela erantzun bat jasotzeko egin. Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak urrats gehiago egiteko eskatu diote ezker independentistari.

Rodriguez eta Otegi, Aieten, atzo. JON URBE / FOKU
Iosu Alberdi.
2021eko urriaren 19a
11:41
Entzun

Atzoko adierazpenera iristeko bidea ez da «erraza» izan, EH Bilduko koordinatzaile Arnaldo Otegik eta Sortuko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguezek adierazi dutenez. Emaniko «salto kualitatiboa» nabarmendu dute biek ere, besteak beste, orain arte erabili gabeko «hitz eta kontzeptuak» plazaratu dituztelako. Ibilbide baketsuaren aldeko apustua «betirako» iritsi da. «Zor genien Maria Jauregi edo Rosa Lluchen gisako pertsonei, politikan ez dagoen jendeari, eta irabazi politikoak bilatzen ez dituztenei», azaldu du Otegik.

Eginiko urratsa «aldebakarrekoa» izan da, Rodriguezek Euskadi Irratiko Faktoria saioan adierazi duenez, eta ez «ezeren truke» edo «ezer espero» dutelako eginiko adierazpen bat: «Eman dugu eman behar genuela uste genuelako». Hala, ezker abertzalean gauzatutako prozesu baten ondorio dela adierazi du. Ez da, baina, gorabeherarik gabeko prozesua izan, Otegik Catalunya Radion azaldu duenez. EH Bilduko koordinatzailearen esanetan, «zalantzak dituzten sektoreak» daude: «Uste dute jasotzen dugun baino askoz gehiago ematen dugula».

Izan ere, Sortuko idazkari nagusiak gogorarazi duenez, 200 euskal preso daude espetxeratuta, eta salbuespenezko legedia oraindik ere indarrean dago. Haientzat konponbide bat behar dela uste du Rodriguezek, gatazka konpontzeko bidean: «Espero dugu [adierazpenak] balio izatea elkarbizitzan aurrera egiteko, presoen auzia behingoz bideratzeko eta euskal gatazkari aterabide politiko bat emateko». Era berean, helburua hori izan gabe ere, eragin ditzakeen aliantza politiko berriak «ongi etorriak» izango direla gehitu du.

Espainiako Gobernuaren aldetik pausorik espero duen galdetuta, Otegik adierazi du adierazpenaren helburua ez dela hori izan. Halere, garrantzitsutzat jo du Espainiako presidente ohi Felipe Gonzalezek «GAL eratu» zuela aitortzea eta torturak gaitzestea: «Eta Felipe Gonzalezez hitz egitean, PSOEz, EAJz ari naiz, guztiez. Ekarpen handia litzateke elkarbizitzarako norbaitek esatea inork ez lukeela torturatua izan behar, edo desagertua». Otegik ez ditu «kexa» gisa plazaratu adierazpenok, azaldu duenez: «Nork bere gain hartu ditzala eginikoak».

Orokorrean, Otegi eta Rodriguez pozik agertu dira eragile politiko eta sozial gehienek eta «biktima askok» emandako erantzunekin. Halere, Iñigo Urkullu lehendakariaren erreakzioa kritikatu dute biek. Rodriguezentzat, «ulergaitza» da haren jarrera: «Ez dugu ulertzen atzokoaren moduko albiste baten atzean nola egon litekeen inor haserre». Otegik, berriz, «haserretuen taldearekin» bat egitea leporatu dio, hau da, PPrekin eta Voxekin, besteak beste. «Lehendakaria haserre dago herrialdearen zati handi bat pozik dagoen bitartean», azaldu du EH Bilduko koordinatzaileak.

«Ez da nahikoa»

Lehendakariak berak ere Catalunya Radion egin ditu adierazpenak goizean. Hark «positibotzat» jo du biktimen sufrimenduari eginiko aitortza, baina atzokoa ez zaio iruditu ez «berezia», ezta «berria» ere. Hala, «autokritika» gehiago egiteko eskatu dio ezker abertzaleari: «Aitortu behar du ETAk ez zuela inoiz existitu behar». Eskuin unionistaren diskurtsotik ere aldendu nahi izan du, eta baztertu egin du adierazpenak biktimei eginiko irain bat izatea, besteak beste EAEko PPko buru Carlos Iturgaizek esan bezala.

EAJko bozeramaile Joseba Egibarrek ere gehiago eskatu die EH Bilduri eta Sorturi. Zehazki, «ETAren existentziaren inguruko irakurketa kritiko bat», Naiz Irratian azaldu duenez. Haren ustez, ezker abertzaleak biktima horien sufrimenduan izan zuen ardura «ezin da ezkutatu». Iraganera begira, ETA desagerrarazteko erabakia «berandu» hartu izana ere leporatu dio.

Adierazpenarekiko abegikorragoa izan da Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiria. Hark bai, nabarmendu egin du haren «garrantzia», duela hamar urte ETAren behin betiko su-etenarekin hasi zen prozesuaren barruan kokatuta. Radio Euskadin eginiko elkarrizketan, adierazi du Rodriguezen eta Otegiren mezuak biktimak zituela hartzaile, eta horrek agerian utzi duela zerk behar duen datozen hilabete eta urteetarako lehentasun: «Biktima guztien minaren aitortza, eta memoriaren eta duintasunaren berrezarkuntza».

Nafarroako Gobernuak ere «positibotzat» jo du, «indarkeriari zilegitasuna kentzeko» bidean. Halere, Javier Remirez eledunaren hitzetan, «ez da nahikoa». «Gizarteak espero du oraindik ere pauso garrantzitsu gehiago ematea, inoiz gertatu beharko ez lukeen horren aitortzarantz». Haren ustez, urrats berriak «oinarrizkoak» dira memoria garatzeko: «Belaunaldi berriei begira, ez dadin errepikatu inoiz gertatu beharko ez lukeen hura».

Aurrera begira, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Denis Itxasok «adierazpenak ekintza bilakatzea» espero du: «Zauriak orbaintzen lagundu dezaketen ekintzak, eta biktimentzat terapeutikoak izango direnak». Hala nola «ongietorriei amaiera emateko» eskatu dio ezker abertzaleari, biktimei enpatia adierazteko.

Bakean bizi nahi

Biktimen artean askotarikoak izan dira erantzunak. Rosa Lluchek adierazi du Rodriguezen eta Otegiren hitzak garrantzitsuak direla: «Ezker abertzaleak ETAren indarkeriak eragindako mina eta sufrimendua onartzea urrats handi bat da. Biktima guztien mina eta sufrimendua onartu behar da. Denena», azaldu du Twitter sare sozialean. Hala, Lluchek ontzat jo du atzo hartu zuten konpromisoa, eta gehitu «bakean bizitzeko» aurrerapausoak eman direla.

«Mezu on bat da, jasan dugun eta jasaten dugun minarekiko enpatia horrek itxura ona du», azaldu du Terrorismoaren Biktimen Fundazioko presidente Tomas Caballerok. Halere, uste du ez dela «nahikoa», eta interes politikoen ondorio izan daitekeela. Era berean, ETAren indarkeria «gaitzetsi» ez izana kritikatu du: «Ongietorria da, bakea eta lasaitasuna eragiten dituelako, baina porrot sozial eta politiko hori falta da».

Are gogorragoa izan da Maite Pagazaurtundua. Hark EH Bilduren aurkako adierazpenak egin ditu, Espainiako eta Euskal Herriko politika «intoxikatzen» dituela argudiatuta. Hala, Otegiri «lehen pertsonan» hitz egiteko eskatu dio: «Badirudi EH Bilduren munduari eskatu egin behar zaiola hark parte hartu zuen terrorismoaren historia behingoz gaitzets dezan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.