PSOEk ere hitz egin du EH Bilduk gaur egin duen adierazpenaz, zehazki, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak. Madrilen izan da, alderdiaren zuzendaritza berriaren lehen bileraren ostean. Lopezek begi onez ikusi du Otegik eta Rodriguezek esandakoa: «Badakigu mundu horri [ezker abertzaleari] urratsak egitea zenbat kostatzen zaion, eta, gaur, demokratok urte asko eskatzen generaman urrats bat egin dute». Adierazpena Otegik iraganean izan zuen rolaren «zuzenketa bat» dela gehitu du Lopezek.
Santos Cerdan PSOEko antolakuntza idazkariak, berriz, zauriak sendatzeko «bidea gogoratzea ezinbestekoa» dela esan du: «Gaur, inoiz baino gehiago, elkarbizitzari eta elkarrizketari balioa eman behar zaie, gakoak dira demokrazia indartsu batean».
Eneko Andueza PSE-EEren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak gaurkoa ospatzeko egun bat dela esan du: «Duela 10 urte, euskal sozialistok bakearen eta askatasunaren alde egin genuen apustuak bere fruituak eman zituen, eta gaur, ekarpen hori ospa dezekagu», adierazi du.
Anduezak «ontzat» jo du EH Bilduren eta Sorturen adierazpena, eta urrats esanguratsua dela aitortu du: «Espero dugu egiazkoa izatea eragindako mina eta sufrimendua aitortzea, bai eta terrorismoak ekarri zuen akatsa onartzea ere», gehitu du. Ez du ezer esan PSOEk euskal gatazkan izandako jokabideari buruz, besteak beste, Maixabel Lasak galdegin duen moduan.
Aurretik, Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar Nagusietako diputatuak idatzi du gaiaz, bere izenean. Esan du gaurkoa dela bidea «euskal gizarte hobeago bat eraikitzeko»: «Itxaro genuen ekintza bat da, beharrezkoa eta eraikitzailea. Positiboki aztertu behar da, aitzakiarik gabe», amaitu du.
Podemosek txalotu egin du
Unidas Podemoseko ordezkariak izan dira ezker abertzaleak eman duen «aurrekaririk gabeko aurrerapausoa» txalotu duten lehenengoak. Halaxe definitu du adierazpena Ione Belarrak, moreen idazkari nagusiak. Goraipatu du «biktimen sufrimendua» erdigunean jarri izana, baita bide posible bakarrak demokratikoak direla aitortu izana ere: «Orain demokratoi dagokigu aurrerapausoa aitortzea», amaitu du.
Antzeko hitzak erabili ditu Pablo Iglesias Espainiako presidenteorde ohiak ere. Gehitu du ezker abertzaleak emandako pausoa aitortzea justizia kontu bat dela, eta hori dagokiola orain estatuari. Pilar Garrido Podemos Euskadiko idazkari nagusiak eta Jaume Asens alderdiko presidenteak ere txalotu dute adierazpena, baita Irene Montero Espainiako Berdintasun ministroak ere.
La izquierda abertzale reconoce que el dolor y sufrimiento de las víctimas de ETA nunca se debió producir. Es un paso necesario para la reparación y la convivencia que refuerza nuestra democracia.
— Irene Montero (@IreneMontero) October 18, 2021
«Otegirena gustu txarreko txantxa bat»
PPri dagokionez, adierazpenak Onda Cero katean harrapatu du Pablo Casado idazkari nagusia. Hark, lehengo lepotik burua: «Bilduk 300 hilketa argitzen lagundu behar du. Otegi ez da bake gizon bat, terrorista bat da, eta ETA Poliziak eta auzitegiek garaitu zuten», idatzi berri du Twitterren.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko buruak, Carlos Iturgaizek, «Otegirena gustu txarreko txantxa bat» dela esan du: «Ez du sekula ETA kondenatuko, bera hango kidea izan baitzen. Biktimez barre egiten ari da».
Eragileei dagokienez, Paul Rios Lokarriko koordinatzaile ohiak idatzi du «arreta handiz» irakurtzen ari dela adierazpena, eta aitortu du badaudela «lasaitasunez eta begirada zabalarekin» aztertu beharreko ideia eta kontzeptu berriak.
Biktimen elkarteek, ordea, PPren bidetik jo dute. Terrorismoaren Biktimen Erakundeak gehiago eskatu dio Otegiri: aitor dezala ETAren ekintza batek berak ere ez zuela justifikaziorik izan, eta barkamena eska dezala «hiltzaileen bozeramaile izateagatik». Hilketak argitzen laguntzeko ere eskatu diote. Mari Mar Blancok ere, Miguel Angel Blanco fundazioko presidenteak, eskaera berberak egin ditu.
«Biktimak iraindu dituzte»
UPNk ere egin du ezker independentistaren adierazpenen gainerako balorazioa: ohar baten bidez, azaldu dute gaurko mezua «ETA laudatzea» dela, eta biktimak «iraindu» besterik ez duela egiten. Oso kritiko azaldu dira Otegiren jarrerarekin: «Ez du barkamenik eskatu», nabarmendu dute.