Hiru euskal herritar izango dira PSOEko zuzendaritza berrian. Espainiako Alderdi Sozialistak 40. Kongresu Federala egin zuen asteburuan, Valentzian, eta, Pedro Sanchezen lidergoa baieztatzearekin batera, 34 pertsonaz osatutako zuzendaritza baten alde bozkatu zuten 975 ordezkarik —%95eko babesa jaso zuen zuzendaritzak—. Santos Cerdan nafarra alderdi barruko antolamendu idazkari izango da aurrerantzean ere, eta PSE-EEko azken bi idazkari nagusiek ere, Patxi Lopezek eta Idoia Mendiak, toki bat izango dute alderdiaren erabaki nagusiak hartzen diren mahaian: bata, Memoria Demokratikoaren eta Laikotasunaren idazkari; bestea, Ikerketa eta Programen idazkari. Izendapen horiekin pozik agertu dira PSE-EE eta PSNko ordezkariak, eta kongresutik «sendotuta» atera direla uste dute.
PSE-EEk eta PSNk lau lurraldeetako 39 ordezkari bidali zituzten Valentziara. Nafarroako ordezkaritzaren buru, Maria Txibite joan zen. Haren hitzetan, «batasuneko kongresua» izan da asteburukoa, eta PSNren kasuan, poztekoa da Cerdan eragin handiko karguduna izatea alderdian: «Nafarroakoa Espainiako federazio txikienetako bat izaki, Antolamendu idazkari bat izatea guretzat harro egoteko modukoa da», adierazi du, Iruñean.
Cerdan, konfiantzazko eremuan<br />Izendapenaren berri jakin ostean, Txibitek besarkada estua eman zion Cerdani. Politikari milagroarra itzal handiko pertsona da bai PSOE barruan bai eta PSN barruan ere. Haren izendapenak erakusten du Pedro Sanchezen konfiantzazko pertsona dela orain ere. Izan ere, mugimendu esanguratsuak izan dira alderdi barruan, eta, agintari batzuk eragin eremuetatik at geratu dira, baina Cerdanek bere postu garrantzitsuari eutsi dio. Halaber, aintzat hartu behar da zeresan handia izan duela PSNk EH Bildurekin izandako negoziazioetan eta bultzaturiko ildo politikoan.
PSE-EEk 30 ordezkari bidali zituen Valentziara, eta Mendia bera izan zen ordezkaritzaren buruzagi. Kontentu agertu da emaitzarekin. Uste du alderdia bera «sendotuta» atera dela bere politikak etorkizuneko erronketara bideratzeko. Idoia Mendiak berriki iragarri du ez dela hirugarren aldiz aurkeztuko PSE-EEko buruzagi izateko lehiara. Atzeranzko urrats hori egin arren, PSOEko zuzendaritzan postu bat izango du. Patxi Lopezek bezala. Jaurlaritzako lehendakari ohia Memoria Demokratikoaren eta Laikotasunaren idazkari izango da. Kargu hori izatea «ohorea» dela nabarmendu zuen Lopezek.
Kongresuaren ondotik, baikortasun mezuak zabaldu dira agintari sozialisten artean. «Konbentzituta nago Idoia Mendiak eta Patxi Lopezek Sanchezen proiektu sozialista hobetzen lagunduko dutela Espainiak bidezko susperraldi bat izan dezan», txiokatu zuen, adibidez, Eneko Anduezak, PSE-EEko idazkari nagusi izateko hautagaietako batek.
PSN eta PSEren kongresuak
Kongresu federalaren ondotik, datozen asteetan euren zuzendaritzak eta buruzagiak aukeratu beharko dituzte militante sozialistek, federazioz federazio. Datorren larunbatean, PSNk XII. kongresua egingo du, baina argi dago emaitza: Maria Txibite idazkari nagusi izateko berretsiko dute. Zuzendaritza berritu beharko da, eta txostenak onartu, baina koalizio gobernuko lehen alderdia izanik, garai onean dago.
PSE-EEk, berriz, hilabete barru egingo du bere kongresua, azaroaren 20an eta 21ean. Bozketak berez, aurretik egingo dira, telematikoki, eta irabazlea azaroaren 17an izendatuko da. Soraya Morla eta Eneko Andueza dira alderdiaren lema hartzeko bi hautagaiak.
Kongresu federala amaituta, Pedro Sanchezek iraganean bere konfiantza galdu zuten bi pertsona izendatu ditu Moncloako kabineteko zuzendaritzarako: Antonio Hernando Kongresuko eledun ohia eta Oscar Lopez.