Denera bi brigadista hil ditu Marokoko Armadako hegazkin batek Mendebaldeko Saharan. Horietako bat 28 urteko Mohamed Jalil Bushab Mohi zen. Oso ezaguna zen Bermeon (Bizkaia), herrian bost urtez bizi izan zelako, Mendebaldeko Saharako haurrei oporrak eskaintzeko egitasmoaren harira. Haren anaia bat oraindik ere Bermeon bizi da.
Erasoan, Bushabez gain, Rageb Laarusi Charki zauritu dute. Azken hori geroago hil da, zurien eraginez.
Mohi Ezaguna egin zen Bermeon, «oso alaia zelako eta jakin min handia zuelako», Xabier Ojinagak azaldu duenez. Ojinagaren sendiak hartu zuen herrian, eta Mohamed eta Ojinaga nahasketatik atera zen Mohi ezizena. 8 eta 13 urte zituen artean bizi izan zen Euskal Herrian. Ojinagak azaldu duenez, erabakigarria izan zen haren izaera, oso ondo moldatu baitzen herrian, eta, horren eraginez, Mendebaldeko Saharako haur gehiago heldu hurrengo urteetan. «Mohi efektua», aipatu du.
Boluntario, ez militarra
Ustekabe handia eragin du albisteak Bermeon. Izan ere, Mohiren anaiak berak ere ez zekien hura frontean zebilenik, Ojinagak azaldu duenez. «Ez zen soldadu profesionala, boluntarioa baizik».
Hildakoak brigadista aztertzaileak ziren, eta Marokoren eta Mendebaldeko Sahararen arteko hesiaren egoera behatzen ari zirela eraso egin zieten.