Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna osatzen duten eragileek gaur egin dute lehen bilera pandemia hasi zenetik, Gasteizen. Bertan erabakitakoa jakinarazi dute gero, agerraldi batean: Sei hilabeteko epe berri bat zabalduko dute, ekinbidea eta inguruko sareak «indartzeko» asmoarekin. Bertan parte hartzen ez duten eragileei gonbita egin die ekinbidera batzeko eta «sareak indartzeko».
Beñat Irasuegi bozeramaileak adierazi duenez, pandemiak agerian utzi du «burujabetzaren eta oinarrizko giza eskubideen» beharra, eta, Irasuegiren ustez, are modu argiagoan ikusten da orain konpondu beharreko «egiturazko arazoak» daudela. Azaldu duenez, pandemia garaian eskubideak murriztu egin dira, eta herritarren bizi baldintzak nabarmen okertu dira. Horregatik zabaldu dute deialdia, izurriak utzi duen egoera berriko erronkei begira.
Helburu gisa jarri dute subiranotasunaren aldeko eragileak elkartu eta agenda sozial berritu bat sortzea, besteak beste. Jakinarazi dutenez, urte politiko hau «berezia» izango da, COVID-19ak utzi dituen arazoez jabetu eta horiek «kudeatzen» hasiko direlako.