Espainiako Auzitegi Konstituzionalak tramiterako onartu du Bateragune auziko auzipetuen defentsak joan den otsailean jarritako babes helegitea. Defentsak helegitean argudiatu zuen Espainiako Auzitegi Gorenak joan den abenduaren 14an emandako epaiak —alegia, epaiketa hutsetik berriro hasteko eskaerak—urratu egiten duela auzipetuek benetako babes judiziala izateko duten eskubidea. Zehazki, defentsak uste du Gorenak emandako ebazpenak non bis in idem printzipioa urratzen duela; hau da, ez duela errespetatzen auzi beragatik bi aldiz epaitua ez izateko eskubidea. Iñigo Iruin abokatuak aurkezturiko helegiteak zehazten du, gainera, bortz auzipetuek osorik bete zituztela 2011n Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarri eta 2012an Gorenak berretsitako espetxe zigorrak: Miren Zabaletak, Arkaitz Rodriguezek eta Sonia Jacintok seina urte egin zituzten kartzelan, eta Arnaldo Otegik eta Rafa Diezek, seina urte eta erdi.
Defentsak Konstituzionalean jarritako helegiteak Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren sententzia ere hartzen du erreferentzia gisa. Izan ere, 2018an Estrasburgok emandako epaiak zehazten du auzipetuen eskariz baino ezin dela Bateragune auziko epaiketa berriro egin. Kasu honetan, auzipetuek ez dute horrelakorik eskatu; baina, 2011ko sententziari aurkezturiko kasazio helegiteari erantzunez, Goreneko epaile guztiek aho batez ebatzi zuten Bateragunekoen epaiketa berriro egin behar zela.
Auzitegi Konstituzionalak jakinarazi duenez, auzipetuen defentsak jarritako babes helegiteak «transzendentzia konstituzional berezia» du, «auziak arazo bat planteatzen duelako edo eragiten diolako oinarrizko eskubide baten alderdi bati zeinari buruz ez dagoen doktrina konstituzionalik». Arrazoia eman dio, beraz, Iruin abokatuak babes helegitea jartzerakoan BERRIAri erran zionari: Auzitegi Konstituzionalak halako auzi bati buruz erabakitzen duen lehen aldia litzateke.
Auzipetuek eskatu zuten, halaber, Bateragune auziko epaiketa berriro egiteko prozedura eten egin zezatela Konstituzionalak babes helegitea aztertzen duen arte. Horri buruz aurrerago ebatziko du Konstituzionalak.
Lehen aldia
Iruin abokatuak joan den abenduaren 21ean egindako agerraldian adierazi zuen ez zuela «dudarik» babes helegitea tramiterako gutxienez onartuko zutela, eta otsailean BERRIAri baieztatu zion lehen aldia litzatekeela Konstituzionalak horrelako auzi bati buruz ebatziko lukeela. Beraz, Iruinen ustez, Konstituzionala behartuta legoke horri buruzko iritzi bat ematera: hala gertatu da.
Konstituzionalak aztertu izan du lehenago non bis in idem printzipioa, baina ez Bateragune auziko ezaugarriak dituzten kasuetan. Auzi horren bereizgarrietako bat da Estrasburgok emandako sententzia baten ondorioz eskatu duela Gorenak epaiketa berriz egiteko; eta, bertzea, auzipetuek zigorrak osorik beteak dituztela. Era berean, Espainiak 2015ean zehaztu zuen Estrasburgoko sententziak nola betearazi behar zituen, eta hori ere urratu zuen Gorenaren epaiak: izan ere, berraztertze helegite baten bidez betearazi behar dira epai horiek berez, eta berraztertze helegitea aztertu ondoren agindu zuen Gorenak epaiketa berriro egiteko.
Europara ere bai
Abenduan iragarri zuten gisan, Europako Batzordeko Ministroen Kontseilura ere joko dute auzipetuek, estatuek Estrasburgoko sententziak betearazten dituztela ikuskatzen duen organoa baita hori. Hara jotzeko «lanean» ari zirela jakinarazi zuten otsailean.