Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, pertsona bat zendu da gaur N-121-A errepidean 12:15 aldera izandako trafiko istripu batean. Auto batek eta kamioi batek elkar jo dute, Burutainen, Ostitzeko saihesbidearen akaberan, errepidearen 19. kilometroan, eta autoan zihoan gidaria hil egin da. Istripuaren ondorioz, kamioiak su hartu du, eta ibilgailu astuneko gidariak eta kopilotuak kolpeak hartu dituzte, baina ez dituzte ospitalera eraman behar izan.
Suhiltzaileak bertaratu egin dira, eta foruzainek errepidea itxi dute. Trafikoa A-15etik bideratzen ari dira.
Bi heriotza 24 orduan
Gauerdirako minutu gutxi batzuk falta zirenean, 23:30 aldera, 40 urteko gizonezko batek auto istripua izan du BI-633 errepidean, Markinan (Bizkaia), Ondarroarako (Bizkaia) noranzkoan. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, autoa bere bidetik atera da. Hildakoa Elgetakoa (Gipuzkoa) zen.