Gaur duela bost urte, 2016ko urriaren 15eko larunbat goizaldean, hasi zen amesgaiztoa Altsasuko (Nafarroa) hainbat gazterentzat. Koxka tabernan zeudela, horietako batzuk xextra bat eduki zuten kaleko jantzitako bi guardia zibili eta haien bikotekideekin. Edozein lekutan gau giroko gertaera arrunt gisa irakurriko litzatekeen hark, ordea, poliziez, hedabideez eta epaitegiez osaturiko makina astun oso bat jarri zuen martxan.
Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko instrukzio epaileak Adur Ramirez de Alda, Oihan Arnanz eta Jokin Unamuno atxilotzeko agindua eman zuen. Beste bost atxilotuko zituzten gero: Jon Ander Cob, Iñaki Abad, Julen Goikoetxea, Aratz Urrizola eta Ainara Urkijo.
«Kordoban gertatu izan balitz, ez ginateke egoera honetan egongo», esan zuen fiskalak epaiketan. Espainiako Estatuko hainbat komunikabidek gazteak «terroristatzat» jo zituzten.
Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitu zituzten gazteak, Nafarroan beharrean. Auzitegiak ebatzi zuen ez zegoela gazteei «terrorismoa» leporatzerik, baina, halere, zigor gogorrak ezarri zizkien.
Oihan Arnanzi hamahiru urteko kartzelaldia ezarri zion (gero, bederatzi urte eta sei hilabetera murriztu zuen), beste horrenbestekoa Iñaki Abadi (hiru urte eta erdira murriztua), Jokin Unamunori eta Adur Ramirez de Aldari hamabi urtekoa (zortzi urte eta erdira murriztua), bederatzi urtekoa Jon Ander Cobi eta Julen Goikoetxeari (zazpi urte eta erdira murriztua), bederatzi urtekoa Aratz Urrizolari (lau urte eta bi hilabetera murriztua), eta bi urtekoa Ainara Urkijori sei hilabetera murriztua).
Autoritatearen aurkako atentatua egotzi zieten gazteei, lesioak, desordena publikoak eta mehatxuak. Epaileek ebatzi zuten ez zela frogatu «ekintzaren helburu terrorista, ezta akusatuek ETArekin duten lotura edo partaidetza». Baina Guardia Zibilekiko «gorroto ideologikoa» argudiatu zuen astungarri gisa.
«Bagenekien terrorismo akusazioak oinarririk ez zuela, eta epaiketaren ondoren, asmoa zigorrik handienak lortzea zen, terrorismoa alde batera utzita», salatu zuten gazteen gurasoek epaiaren berri izan ondoren.
«Minduta eta haserre gaude; zigorrak makillatzen saiatu dira», esan zuen Bel Pozueta Altsasuko Gurasoak plataformako eledunak.
Atxiloketek eta epaiketek elkartasun olde handia sortu zuen Altsasun eta Euskal Herri osoan, eta Katalunian ere oihartzuna eduki zuen aferak.
Iazko urtarrilean, Arnanz, Unamuno, Ramirez de Alda, Cobek eta Julen Goikoetxea bigarren graduan sailkatu zituzten, eta baimenak eskatu ahal izan zituzten. Urritik Cob eta Goikoetxea lanera eta ikastera atera ahal izan ziren.
Askatasuna eta domina
Aferak albisteak ematen ditu oraindik, gertaeretatik bost urtera. Joan den irailaren 27an erabateko askatasuna eman zioten Abadi, hirugarren graduan ia bi urte pasatu ostean. Edonola ere, eskumuturreko telematiko batekin kontrolatzen dute oraindik ere. «Ez dizute ahazten uzten kartzelaren menpe zarela», esan zion BERRIAri.
Beste albistea borrokan parte hartu zuten guardia zibilen aldetik heldu da aste honetan. Oscar Arenas tenienteari Isabel Katolikoaren Ordenaren Gurutzea eman zioten, Hispanitatearen Egunaren ospakizunen harira. Arenasi domina emateko eskatu zuten pandemian Valentzian (Herrialde Katalanak) eginiko lanarengatik.
1815. urtean eratu zuten sari hori, eta gaur egun, horren helburua «aparteko portaerak» nabarmentzea da, eta Espainiaren alde aritutakoak edo «Espainiako Nazioak nazioarteko komunitateko gainerakoekiko adiskidetasuna eta lankidetza modu nabarmenean bultzatu dituztenak» saritzea. Espainiako Atzerri Ministerioaren ekimenez ematen dute, hark aurkezten baitio hautagaitza Ministro Kontseiluari.