Bigarren jardunaldia izan dute ostiralean Aieteko Konferentziaren hamargarren urteurrena gogoratzeko ekitaldiek. Goizean bi mahai inguru egin dituzte, Donostiako Kursaal jauregian.
Goizeko hamarrek jotzearekin batera hasi da lehen saioa, Euskal bake prozesuaren irakaspenak lelopean, eta Andy Carl, Veronique Dudouet, Paul Rios eta Alberto Spektorowski aritu ziren solasean. Donostiako Kursaalean daude, eta mahai inguruaren hasieran Jonathan Cohen Conciliation Resources erakundeko zuzendariak hartu du hitza. Ikasten jarraitzen dutela azaldu du, «hausnartzen», eta galderen garrantziaz ere hitz egin du: «Konferentziaren ondoren hainbat galdera egin dira, eta horietatik asko erantzun gabe daude. Gaur lagunduko digute galdera horietako batzuk aztertzen eta erantzuten».
Prozesu luzean gizarteak izan duen protagonismoari eta hainbat adostasun bultzatzeko egin dituen ekarpenari buruz hitz egiten ari dira, eta Foro Sozial Iraunkorreko kide Aitzpea Leizaola ari da elkarrizketa gidatzen. Lehen minutuetan, prozesuaren hasieraz mintzatu da Spektorowskii, eta azaldu du parte hartu nahi zuela: «Argi nuen prozesu honetan parte hartu nahi nuela, gertukoa sentitzen nuelako. Garrantzitsua da inplikazioa». Carl ere duela hamar urteko testuinguruaz mintzatu da, eta, azpimarratu duenez, bere ustez «lan asko zegoen eginda» Aieteko Konferentzia egin aurretik. Hala ere, nabarmendu du mugarri bat izan zela: «Aiete mugarri bat izan zen. Konfort eremutik ateratzeko lan bat egin zen alde batzuetan».
Veronique Dudoueten esanetan, «batere konbentzionala izan ez den bake prozesu bat sortu zen» garai hartan; izan ere, PPren gobernuaren ezezkoaren ondoren iritsi zen. Hori aipatuta, inklusibitateari buruz hitz egin du, eta euskal gizarteak bake prozesuan izan duen rola goraipatu du: «Euskal gizartea gai izan da modu inklusiboan sustatzeko, eta gerora ere eragile nagusi izan da bake prozesuan». Lokarri gizarte mugimenduak antolatutako hainbat ekinaldi jarri ditu horren adibide, eta Bake Bidea eta hainbat Foro Sozial ere jarri ditu eredutzat. «Ondorioz, prozesua herriarena da», esan du. Norbanakoak ere aipatu ditu, eta prozesuan laguntzeko askok hartu zuten «arriskua» aipatu du. Presoak ere izan ditu gogoan, eta keinu bat merezi dutela adierazi du: «Orain bermatu behar dugu inor ez dugula atzean utzi behar. Borondate keinu bat merezi dute; adibidez, presoek».
Paul Rios Lokarriko kide ohiak irakaspenen zerrenda bat ekarri du mahai ingurura. Dudoueten hainbat adierazpenekin bat egin du, eta inklusibitatearen gaiari heldu dio: «Aieteko Konferentziaren balio bat aniztasuna izan zen. Euskal Herri osoko ordezkariak izan ziren». Horren garrantzia azpimarratu du; izan ere, haren hitzetan, «bazterkeria badago, prozesuaren porrota etor daiteke». Hala, prozesuaren parte izan zen nazioarteko ordezkaritza goratu du, eta azaldu du nazioarteko ordezkariek bide eman zutela «beste perspektiba bat» izateko: «Irtenbideak topatzen laguntzen zuten». Estatuen ezezkoaren ondoren euskal instituzioek ekimena hartu izana ere aipatu du, eta ezker abertzalearen lana ere goratu du ETAk indarkeria uzteko bidean. «Indarkeriaren bukaera ez zen desiragarria bakarrik. Batez ere, saihetsezina da bukaera», azaldu du.
Gainerakoek aipatutakoari hainbat ertz erantsita, kontakizunaren eta errelatoaren gaiaz mintzatu da Spektorowski. «Euskal Herrian askok galdetzen du oraindik zer gertatuko den kontakizunarekin, zer gertatuko den memoriarekin», bota du, eta onartu du «beti» bilatu behar dela zein den «gure kontakizuna», eta hor kontuan izan behar dela prozesu hori ez dela erraza, «hainbat ikuspegi daudelako». Gaineratu du, toki guztietan bezala, «hemen ere norberaren bizipenen arabera» ikusten dela hori, eta kontakizun bat eraikitzeko hitz egin behar dela, elkarrizketa behar dela. «Zer dira arerioak? Arerioak gara? Ez, besterik gabe, iritzi desberdina duten norbanakoak gara. Eta hori horrela izanda, adostasuna lortu behar dugu», adierazi du. Aitortu du zaila dela hori, «errelato komun bat, istorio bakar bat» sortzea, baina, bien bitartean, «zauriak sendatzen eta kontakizun ugari izaten» jarraitzeko deia egin du.
Prozesuaren erronkak
Euskal bake prozesuaren erronkak izenpean egin dute bigarren saioa. Brian Currin abokatu hegoafrikarra, Robert Manrique Hipercorreko erasoaren biktima, Galek hildako Xabier Galdeanoren alaba Karmen Galdeano eta Foro Sozialeko Agus Hernan aritu dira solasean.
Jonathan Cohen Conciliation Resources erakundeko zuzendariak aurkeztu ditu gonbidatuak.
Hernanek azaldu ditu prozesuan aurkitu dituen zailtasun handienak. Prozesua «eskailera bat» bezalakoa da harentzat. Hau da, koskaz koska egiten dela gora. «Izan ere hau ez da bake prozesu klasiko bat, eta agian hori mesedegarria izan da». Presoen eta Biktimen koskak oraindik hor daudela nabarmendu du, eta salatu du Estatuaren biktimak bigarren mailako gisa tratatzea.
Manriquek adierazi du ez duela biktimen izenean hitz egiten, baizik eta bere buruaren izenean, nahiz eta beste batzuek esaten duten biktima guztien izenean ari direla, «geuri iritzia eskatu gabe». Esan du urtez luzez gustuko izan ez duten gauza asko ikusi dituztela. «Aurre egin behar izan diogu, ez bakarrik terroristei, baizik eta baita gure aldekoa omen zen aldeari, administrazioari». Espainiako Gobernuari leporatu dio ez ematea behar bezalako laguntzarik. Itxaropenaren leihoa irekita mantentzea lortu dutela esan du, nahiz eta askok hura itxi nahi izan duten. «Orain badakigu ETAren aldetik ez dugula sufrimendu gehiagorik pairatuko, nahiz eta batzuek hori ikusi nahi ez izan». Biktimen arteko aniztasuna aintzat hartzeko esan du, eta interes politikoak albora uzteko, «ez ditzatela hauteskundeak irabazteko erabili: patetikoa da, eta egiten ari dira».
Galdeanok esan du presoen afera dela konpontzeko denbora gehiegi ematen ari dena. Nabarmendu du preso batzuek 30 urtetik gora egin dutela espetxean, eta batzuei apropos luzatzen dietela kartzelaldia. Biktima batzuk «oso politizatuta» daudela adierazi du, eta halakoak beti aurrean edukiko dituztela, baina gorrototik ateratzeko behar dela adierazi du. Guk ez dugu presorik. «Gure biktimarioek oraindik lezio moralak ematen dizkigute, karguak eman dizkiete, sariak eman dizkiete», adierazi du. «Niri orain esango balidate Felipe Gonzalezek onartu duela egindakoa, eta 30 urtez kartzelara joan beharko duela... Nik ez dut halakorik nahi. Guk ez dugu inor espetxeratuta ikusi nahi, eskuzabaltasunez jokatuko dugu, eta uste dugu beste presoekin ere berdin jokatu behar dugula. Ez dago bake biderik 200 pertsonak kartzelan jarraitzen badute». Euskal presoei ezartzen dieten lege berezia salatu eta bertan behera uzteko eskatu du.
Currinek Egiaren Batzordean parte hartu zuen, Hegoafrikan, eta han adierazi du Estatuaren agente batzuk «terroristak» izan direla. Salatu du Espainiako Estatuak ez duela ezer egiten erreparazioa lortzeko, eta biktimek egin behar dutela lan hori lortzeko. Esan die Estatua estu hartu behar dutela, «politikari batzuek sufrimendua areagotzen dutelako, hau futbol partida bat balitz bezala. Ezin diegu politikariei hau ustiatzen utzi». Beste erronka bat ikusten du: Euskal Herrian dagoen aniztasuna kudeatu egin behar da. «Badira euskaldun sentitzen ez diren pertsonak». Nazio bat eraikitzeko esan die euskal herritarrei, eta hori independentzia lortu aurretik ere egin daitekeela uste du, «nazio baten espiritua eraiki». Identitate prozesuak «sakonak eta iraunkorrak» direla nabarmendu du. «Ez duzue subiranotasunaren zain egon behar. Hasi pentsatzen nolakoak izango zareten hurrengo 30-50 urteetan, euskal nazioa nolakoa izango den, nola eraikiko duzuen. Horrek indarra eta erregaia emango dizue legatua kudeatzeko». Ipar Irlandako eredua aipatu du Currinek: han herritarrek erabakitzen dutela zein nazioko kide izan nahi duten, eta nongo pasaportea duten. Baina abokatuak uste du hobe dela nazio bateratu bat gorpuztea.
Presoen egoeraren inguruan, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Concepcion Espejel epailearen aretoaren jarrera salatu du Hernanek, helegiteak jartzen dizkielako presoen egoera aldatzeko erabakiei. Ikuspegi zigortzailea alde batera uzteko eskatu du. Adierazi du ez dela lortu estatuen biktimen kasu bat bera ere berriz irekitzea.
Entzuleek galdera egin diote Currini: nola ikusten du egoera gaur Euskal Herrian, duela hamar urtekoarekin parekatuta? Nola izango litzateke adiskidetzea praktikan? Adierazi du aitortza oso garrantzitsua dela adiskidetzean. «Sartu behar dugu Francoren diktaduraren garaian, oraindik aztertu ez dena parametro hauetan. Espainiak onartu beharko lituzke eginiko sarraskiak».
Hernanek ez du uste, ordea, Espainiak keinurik egingo duenik eginiko mina aitortzeko, nahiko lukeela halakorik ikusi, baina ez duela espero. «Hemen konpondu behar ditugu arazoak».
Galdeano bat etorri da horrekin: ez du aitorpenik espero, baina eurek eginikoak onartzeko prest ez daudenei eskatu die lezio moralik ez emateko, eta horien artean Eusko Jaurlaritza sartu du. «Beldurra ematen dit faltsuan itxiko ote dugun gai hau. Lezio moral horiek oso mingarri zaizkigu».
Conciliation Resourcesek, Berghof Foundationek, Foro Sozialak eta Bake Bideak antolatu dituzte ekitaldi horiek. Igandean, urriak 17, hamar urte beteko dira Donostiako Aieteko jauregian Euskal Herriko Gatazka Konpontzeko Nazioarteko Konferentzia egin zutenetik, eta urteurren «biribila» baliatuta antolatu dituzte jardunaldiak, atzo, Aieteko jauregian; gaur, Kursaal jauregian; eta bihar, Baionako Henri Grenet auditoriumean.
Euskal Herriko alderdi eta sindikatu ia guziak ari dira parte hartzen. «Aieteko espiritua berreskuratzea» zen jardunaldien helburuetako bat, Foro Sozialaren hitzetan; «izan ere, duela hamar urte, hain aktore ezberdinak bildu zituen, norabide berean arraunean».
[YouTube]https://youtu.be/UFu3-6Q8ZSo[/YouTube]
Bakerako erronkak COVID-19aren osteko egoeran izenburuko hitzaldiarekin hasi ziren atzo jardunaldiak. «Bake prozesuetan metatutako esperientzia oparotik eta gaur egun NBEn daukan goi mailako arduratik abiatuta, osasun krisiaren eragina eta COVID-19aren osteko erronkak eta aukerak aztertuko ditu», antolatzaileen hitzetan. Zehazki, Martin Griffith NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Gaietarako idazkariordearen eta Larrialdi Laguntzako koordinatzailearen hitzartzeekin abiatu dute tartea.
Hitzaldiaren segidan, Bake prozesuen garapena azken hamar urteetan mahai ingurua egin zuten atzo Aieteko jauregian. Hauek aritu ziren hizketan: Jonathan Powell, bitartekaritzan eta gatazken konponketan aritzen den Inter-Mediate zentroaren sortzaile eta zuzendaria, eta Tony Blair lehen ministro britainiarraren kabineteko buru ohia; Brian Currin abokatu hegoafrikarra, Concentric Alliance gatazka konponketarako erakundearen sortzaile eta zuzendaria; Teresa Witfield, ETAren amaiera landu duen nazioarteko aditua; eta Sergio Jaramillo, Caro Bakearen Europako Institutuko goi aholkularia. John Carlin kazetariak egin zituen moderatzaile lanak. Nor beretik, sakonki aztertu dituzte Aieteko Konferentziaren aurreko eta ondoko prozesua.
Batik bat, lorpenak eta trabak izan zituzten hizpide nazioarteko adituek. Besteak beste, Jonathan Powellek nabarmendu zuen Aieteko Konferentziak berebiziko garrantzia izan zuela, eta egiazkoa izan zela han gertatutakoa. «Esaten dutenek Aieteko Konferentzia soilik antzezpena izan zela, ez daude zuzen». Halaber, gogora ekarri zituen agintariek jarritako oztopoak ere: «2011n aldaketa egon zen Espainiako Gobernuan, eta ez zegoen prest negoziatzeko. Hegal batekin hegan egitea bezala zen. Prozesua luzatu egin zen. Benetako arriskua egon zen». Hain zuzen, Espainiak ezarritako trabei erreparatu zien Brian Currinek ere. Esan duenez, Espainiako Gobernuak (PP) «bere esku zen guztia» egin zuen haren lana eragozteko. Halaber, eskerrak emateko hitzak ere izan zituen Currinek: «Eskertuta nago Euskal Herriari, beti ongietorria egin didalako eta babes osoa eman didalako. Bestela, lan hura utzi egingo nukeen».
[YouTube]https://youtu.be/lHmZmFv2N5U[/YouTube]
Lau erakunde antolatzaileen artean adierazpen bat onartu dute, jardunaldiei eman nahi dieten zentzua esplikatzeko. «Gure ustez, urteurren hau abagune egokia da azken hamarkadan Euskal Herriko gatazkaren eraldaketan lortutako aurrerapenak gogoratzeko eta ospatzeko —nahiz eta oraindik ere hainbat oztopo eta erronka dauden—, eta, horrekin batera, pandemiaren osteko mundu berri honetan bakearen arloan ditugun erronkak aztertzeko eta eztabaidatzeko, eta euskal prozesuaren irakaspen eta erronken inguruan hausnartzeko».