Nazioarteko bitartekari gisa Euskal Herrian egindako lanaz hitz egin du Martin Griffiths NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Gaietarako idazkariordeak eta Larrialdi Laguntzako koordinatzaileak, Aieteko Konferentziaren 10. urteurrena gogoratzeko Donostiako Aiete jauregian gaur hasitako jardunaldietan.
Duela hamar urte gertatutakoa «lorpen handia» izan zela nabarmendu du, eta «ausardia handia» behar izan zela horretarako. Bakea erdiestea «zaila» dela azaldu du: «Erraza da gatazka bat abiaraztea; zailena amaitzea da». Eta ziurtatu du bake prozesuak atzera ez egitea ez dela ohikoa; normalean, «zauriak ireki» egiten direla. Horregatik, zoriondu egin ditu bake prozesuarekin engaiatu zirenak: «Arazoei herri gisa heltzea erabaki zenuten».
Halaber, «negoziazioaren eta elkarrizketaren» aldeko mezua bota du: «Uste dut ezin dela ezer onik esan gatazkei buruz». Duela hamar urte «armak isilarazi» zirela esan du, eta gizarte bat eraiki zela «elkarrenganako konfiantzan» oinarrituta.
Urte haietan nazioarteko bitartekari izan zela azaldu du Griffithsek, eta «nahiko isilean» lan egitea egokitu zitzaiola, horregatik. Gogoan izan du Kofi Annan Nazio Batuen Erakundeko idazkari ohiarekin eta nazioarteko bitartekari izandakoarekin Genevan (Suitza) izandako elkarrizketa bat. Espainiatik jende askok Euskal Herrira ez joateko esaten ziola jakinarazi zion Annanek, esanez hura ere ETAren jomugan egon zitekeela. Hala ere, nabarmendu du Annanek argi zuela Euskal Herrira joa behar zuela: «Bere ikuspegitik, zorte handiko gizona zen hona etorri ahal izan zuelako».
«Aldeei zerbitzatzea» zen euren lana, zehaztu duenez, eta ez bataren edo bestearen posizioa gailendu dadin saiatzea. Horretan irmo mantentzearen zailtasunaz ere hitz egin du, baina, alde horretatik, ETAko kideek euren eginbeharraz zuen ikuspegia azpimarratu du: «ETAko kide batekin egon ginen, eta bere mezua zen: 'Ez zait interesatzen Euskal Herriaz duzun ikuspegia. Zure egitekoa ez da Euskal Herriari buruz erabakitzea; euskal herritarrena da egiteko hori. Zure lana da laguntzea euskal herritarroi gatazkak konpontzen».
Distantzia mantentzea zailen egin zitzaion momentuetako bat ETAk Madrilgo Barajas aireportuan atentatua egin zuenekoa izan zela azaldu du: «Oso-oso haserre nengoen. Agian egileak zirenekin hitz egitera joan nintzen, eta haiek esan zidaten: 'Zuri ez zaizu axola hori; zu, prozesura. Eta egia da. Bitartekariak jakin behar du nola jokatu horrelakoak egiten direnean».
ETAk armak utzi zituenean, «sekula galdu behar ez zuten horiek» berreskuratu zuten lidergoa, haren arabera: politikariek. Haien lana goraipatu du.