Haur pobreziaren «aurka borrokatzeko» akordioa lortu dute Eusko Legebiltzarrean

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan haurren pobrezia puntu eta erdi igo da bi urtean, eta adingabeen artean %11,7ra iritsi da.

Pobreziaren aurkako manifestazioa Bilbon. Artxiboko irudia. MARISOL RAMIREZ/ FOKU
unai etxenausia
2021eko urriaren 14a
13:08
Entzun

Elkarrekin Podemos-IUk haur pobreziaren aurka «borrokatzeko» eta haurren eskubideak areago «hobetzeko» mozio bat aurkeztu du Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran. EAJk, PSEk eta PPk babestu egin dute. EH Bildu, berriz, abstenitu egin da.

Isabel Gonzalez Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak adierazi duenez, ezin daiteke «normal onartu» haurren pobrezia, eta orain arteko politikek «porrot» egin dutela esan du. Izan ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan goraka doa haur pobrezia: pobreziaren eta desorekaren 2020ko azken inkestak ohartarazi duenez, haurren pobrezia puntu eta erdi handitu da bi urtean, eta adingabeen artean %11,7ra iritsi da.

Adostutakoen artean, Aukerak Suspertzen programa abian jartzea erabaki dute: haurren alfabetatzea eta familia zaurgarrien irisgarritasun digitala errazteko. Horrez gain, egoera sozioekonomiko zaurgarrian dauden familietan hezkuntza behar bereziak edo ikaskuntza zailtasunak dituzten ikasleek behar duten laguntza espezifikoa indartuko dute. Legebiltzarraren egutegian, berriz, gaur-gaurko gai bihurtuko da haur eta nerabeen eskubideen lege proiektu berria.

Gonzalezek esan du «zapore gazi-gozoa» utzi diola azken erabakiak, eta «anbizioa falta» izan dela aurpegiratu die beste alderdiei. Koalizio morearen jatorrizko proposamenean, lerro estrategiko bat txertatzea nahi zuten Euskadi Next- 21-26 funtsen barnean, haurren politiken gainekoa. «Guztiz ezinezkoa izan da, Berdintasun Ministerioko Corresponsables programan ikusi dugun bezalaxe», azaldu du Gonzalezek.

Hitzarmenetik kanpo

Hitzarmenetik kanpo gelditu da haurren pobrezia borrokatzeko laguntza espezifiko bat, txirotasunaren mugan bizi diren eta seme-alabak dituzten familientzat bermea ematekoa zena. Gonzalezek baieztatu du neurri horrek «zinez hobetuko» zuela haien bizimodua.

Azkenik, Gonzalezek gogora ekarri ditu Erika Tavaresen bi ume adingabeak —bikotekideak hil zuen Tavares— . Eskatu du haien eskura jartzeko doluan eta egoera psikologikoan laguntzeko behar diren baliabideak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.