Tiroketa

Leioako erasoaren egileak atzo bertan erosi zuen eskopeta

Erkorekak esan duenez, badirudi haren asmo bakarra kalte materialak eragitea zela.

Unibertsitateko eraikinetan eragindako kalteak. MIGUEL TOñA / EFE
gotzon hermosilla
2021eko urriaren 14a
12:27
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak zenbait argibide eman ditu atzo Leioan (Bizkaian) EHU Euskal Herriko Unibertsitateko campusean gertatutako tiroketaren inguruan. Azaldu duenez, ustezko egileak atzo bertan erosi zuen arma, Interneteko webgune baten bitartez, eta, unibertsitatera joan aurretik, Artxanda mendian (Bizkaia) aritu zen tiro praktikak egiten.

Erkorekak esan du Ertzaintzaren ikerketa oraindik amaitu gabe dagoela, baina seguru asko gaztea laster eramango dutela epailearen aurrera. «Itxura guztien arabera, badirudi haren asmo bakarra zela unibertsitatean kalte materialak eragitea», azaldu du, eta erantsi du ertzainek atxilotu zutenean ez ziela kontra egin.

Gazteak 21 urte ditu, unibertsitateko ikaslea da, eta, atxilotua izan aurretik, 25 bat aldiz egin zien tiro unibertsitateko eraikin eta azpiegiturei. Erkorekak ez du ezer esan nahi izan gaztearen ustezko motibazioen edo haren buru osasunaren inguruan: «Hori ez da Ertzaintzaren lana, eta gaian adituak diren teknikariek aztertu beharko dute», adierazi du.

Erantzun azkarra

Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratz ere auziaz mintzatu da, eta nabarmendu du «azkarra» izan zela arazoaren aurkako erantzuna, eta «ongi» funtzionatu zuela EHUk horrelako aferetarako prestaturik duen protokoloak . «Den-dena, oso arin konpondu zen», erantsi du.

«Lasaitasun mezua» igorri nahi izan dio ikasleei zein unibertsitateko langileei, eta nabarmendu du campusean jadanik «erabateko normaltasunez» ari direla lanean.

Erkorekak ez ezik, Bildarratzek ere ez du «espekulatu» nahi izan gaztearen motibazioez edo haren osasun mentalaz, eta, era berean, ez du aurreratu nahi izan EHUk ikaslearen kontrako neurririk hartuko ote duen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.