Espainiako Gobernuak konpainia elektrikoei egindako pultsuari eutsi dio, eta Kongresuak berretsi egin ditu irailaren 15ean indarrean jarritako aldi baterako (2022ko martxoaren 31 arte) neurri guztiak, baita argindar konpainiei irabazien zati bat kentzea jaso duena ere. Gobernuak bere hartan utzi du dekretua, baina Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroak iragarri du «aurrerago» aldaketak egon daitezkeela, dekretuaren edukiak «modulatzeko».
Aldaketa horien artean izango da industria elektrointensiboaren kontratuetan konpainia elektrikoen gainsaria itzultzeko neurria ez aplikatzea, betiere enpresa horiei argindarra «arrazoizko prezioetan» eskaintzen bazaie. Beste neurri bat izan daiteke bonu soziala duten herritarrei argindar faktura izoztea. Horiei guztiei zuzenean eragiten die handizkako merkatuan argindarra izaten ari den garestitze handia, bonu soziala izateko baldintzetako bat baita handizkako prezioei lotutako merkatu arautuan egotea.
Dekretuak alde handiz egin du aurrera: aldeko 182 boto, aurkako 152, eta hamalau abstentzio jaso ditu, tartean EAJrena.
Idoia Sagastizabal parlamentari jeltzalearen ustez, dekretuaren gaia ez da «beltza ala zuria»;«kontsumitzaileak eta industria», biak babestu behar direla esan du.Gobernuak bidea ireki duenez aldaketak egiteko, abstentziora jo du haren taldeak. Industriaren kontratuetan enpresa elektrikoen irabaziak gutxitzeko neurria ez aplikatzeko aukerak bizirik jarraitzen duela nabarmendu du EAJko ordezkariak, eta azaldu du Europak erabakitako tarifa sistema aldatu behar dela, baina bitartean Madrilek egin duen aldi baterako irabazien murrizketak «kezkatu» egiten duela EAJ, euskal industriarentzat oso kaltegarri izango delako. «Hau ez da konpainia elektrikoen aurka edo alde egotea; ekitate handiagoa behar da».
EH Bilduk aldeko botoa eman du, «gutxieneko zorua» delako dekretua. Oskar Matute parlamentariak esplikatu du gizartea «bahituta» daukatela Iberdrolak eta «ligopolioa» osatzen duten beste lau konpainiek, eta industria ere baliatzen ari direla «mehatxu» egiteko Espainiako Gobernuari, «nahiz eta neurriak aldi baterako diren». Izan ere, Madrilek hartu dituen neurriak «tolesgabeak» dira, Matuteren esanetan, eta kritikatu du konpainia horiek direla Europako funtsak lortzeko hautagai nagusiak. «Suspertze funtsetatik 58.000 milioi euro bereganatzeko hautagaiak dira; konpainia elektrikoak suspertu? Pandemian ohi baino gehiago irabazi dute eta».
Industriari tratu berezia
Iberdrola eta beste lau konpainia handiak sumindu egin ditu zentral nuklear, hidrauliko eta eolikoengatik jasotzen duten gainsaria itzuli beharrak, zerutik eroritako irabaziak deitzen zaien horiek, eta erreakzio bortitza izan dute 2.600 milioi euroko murrizketa izango zena zekarkielako; orain askoz handiagoa izan daiteke kopuru hori, argindarraren prezioen gorakada itzela dela eta. Hala ere, Ribera ministroak irabaziak txikiagotzeko modua arinduko duela aurreratu du, prezioen gorakada harrigarriak zaharkituak utzi dituelako lehen kalkuluak. Zentral hidroelektrikoek eta nuklearrek megawatt-orduko hogei eurotik gora jasotzen duten diru guztia itzuli behar dutela dio dekretuak, baina hogei euroko langa gorago jar dezake azkenerako.
Pedro Sanchez estu hartzeko mugimenduak errenkadan iritsi dira azken hilabetean, eta, dekretuari bere osoan eutsi dion arren, ikusteko dago Madrilek zenbat aldatzen duen erreformaren edukia elektrikoekin negoziatu eta gero, betiere Iberdrolak eta beste lau ekoizle handiek industria baldintza ez dezaten. Horretarako, ordea, gobernuak eta konpainia elektrikoek akordio bat egin beharko lukete, EAJ eta Eusko Jaurlaritza bera eskatzen ari diren bezala.
Ezkerreko talde parlamentarioek, berriz, haserre handia helarazi dute enpresa elektrikoen jarrera dela eta. Aurrena, zentral nuklearrak dagokien baino lehenago itzaltzeko mehatxua egin zuten. Gero, iragarri zuten eten egingo zituztela energia berriztagarrietan egin beharreko inbertsioak. Baina bezero handiekin zituzten luzerako kontratuak bertan behera uzteak eragin du presiorik handiena Madrilgo gobernuan, industriaren martxari eta susperraldi ekonomikoari eragiten diezaiokeelako horrek.