Migratzaileak

Polizia kontroletatik ihesi zihoazen asteartean Ziburun trenak harrapatu zituen migranteak

«Ikusiak ez izateko» zihoazen trenbidetik, eta tren bat hartzeko asmoa zuten. Taldea «oso nekatua» zegoen; horregatik erabaki zuten trenbidean etzatea.

Asteartean ezbeharra gertatu zen lekua, Ziburun. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko urriaren 14a
10:57
Entzun

Frantziako Poliziak bost pertsonaren dokumentazioa aurkitu zuen asteartean tren batek harrapatuta Aljeriako hiru gizonezko hil ziren lekuan. Laugarrena Baionako ospitalera eraman zuten, larri, eta ebakuntza egin zioten. Atzo mintzatu zen Baionako prokuradorearen aitzinean, France Bleu Pays Basque irratiak jakinarazi duenez. Oso nekatuta zegoen, eta ez zuen anitz hitz egin, baina haren lekukotasunak gertatu zenari buruzko argibideak eman ditu.

Gizonezkoak fiskaltzari esplikatu dio polizia kontrolak saihestu nahi zituztela, eta horregatik iritsi zirela trenbidera, uste zutelako ez zituztela aurkituko argirik gabeko eremu horretan. Gainera, trenbide zati hori hutsa egon ohi da ordu horietan: azkeneko trena 22:30ean pasatzen da, eta hurrengo goizeko lehenengoa, harrapatu zituena, 6:00etan baizik ez da pasatzen. Era berean, trenbideetatik joatea ez galtzeko modu bat ere bazen laukotearentzat.

Irrati publikoaren arabera, laugarren biktimak jakinarazi du haiek ere tren bat hartzeko asmoa zutela, baina ez du zehaztu zer helmugatara iristeko asmoa zuten. Ikerketa zuzentzen ari direnei emandako esplikazioen arabera, migratzaile taldea «oso nekatua» zegoen, eta horregatik erabaki zuten trenbidean etzatea.

Elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean Donibane Lohizuneko geltoki aitzinean (Lapurdi). Migranteen harreran eta haien eskubideen alde lan egiten duten talde ugarik antolatu zuten protesta, eta dozenaka herritar elkartu ziren. Ziburun hildako hiru gizonen omenez lore eskaintza egin zuten, eta «giza ehiza» etetea galdegin zuten.

Prefeturaren erantzuna: polizia kontrola

Istripua Donibane Lohizuneko (Lapurdi) tren geltokitik hurbil gertatu zen, «batere argiztatua ez den» leku batean. Peio Dufau Ziburuko hautetsi eta tren gidariak BERRIAri kontatu zion Hendaia eta Baiona arteko trenbideetan «maiz» ibiltzen direla migratzaileak. «Polizia gibeletik dute toki guztietan. Bidasoa ibaian bi ito ziren; horrek frogatzen du bide guziak hartzen dituztela mugatik eskapatzeko, Baionara iristeko. Geroz eta bide arriskutsuagoak hartzen dituzte kontrolen ondorioz: trenbidea horietako bat da. Trenbideetako langileentzat ere zaila da», salatu zuen. «Sekulako arriskuak hartzen dituzte, sobera kontrol badelako. Zer aldatzen du oztopatzeak? Zer aldatzen du? Hain bide luzea eginda, ez dira Poliziarengatik geldituko».

Hala ere, bide beretik segitzeko asmoa erakutsi du Pirinio Atlantikoetako prefeturak. Hedabideei bidalitako ohar batean, gaur gauean, Urruñan (Lapurdi), 23:00ak eta 2:00ak artean polizia kontrola ezarriko dutela iragarri dute. «Pertsonen eta ondasunen zirkulazio askearen ondorioz, ondasunen eta pertsonen joan-etorriak etengabe handitu dira, horien artean legez kanpoko immigrazioarekin lotutakoak», diote lehen esalditik. Polizia kontrolean parte hartuko dute, besteak beste, Philippe Le Moing-Surzur Baionako suprefetak eta Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak. Operazioan Frantziako segurtasun indarretako 115 agentek parte hartuko dutela jakinarazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.