Zazpi Euskadi literatura sarien artean hiru aurkeztu dituzte gaur Donostiako San Telmo museoan. Pello Lizarralde idazleak irabazi du euskarazko narratibaren saria, Argiantza nobelarengatik. Epaimahaiaren iritziz, idazleak liburuan sortu duen «atmosfera harrigarriak» erabat harrapatzen du irakurlea. «Ahots narratiboari dagozkionak trebeki erabiliz, indar liriko handiko deskribapenak baliatuz, maisutasunez eraiki du kontakizuna», nabarmendu dute.
Euskarazko haur eta gazte literaturako saria Anjel Lertxundiri eman diote, Haltzaren muinoa-rengatik. Lan hori «kalitate literario handikoa» dela uste du epaimahaiak: «Esaldi eta kapitulu laburrez osaturik dago, aberatsa da tradizioari eginiko erreferentziak direla medio, eta aberatsa, halaber, kontatzeko modu arin, poetiko eta zainduagatik».
Euskarazko itzulpenarena, berriz, Joxan Elosegik irabazi du, Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak lanarengatik. Itzulpen horretan «estiloaren joritasuna» nabarmendu dute, «jatorrizkoaren jario orobat bitxi eta magikoa euskarara isurtzen asmatu duelako».
Euskadi sariak datorren azaroaren 18an banatuko dituzte, Gasteizko Artium museoan egingo duten ekitaldi batean. Han izango dira zazpi modalitateetako irabazleak. Datorren astean emango dute beste lau modalitateetako irabazleen berri: gaztelaniazko narratiba, ilustrazioa, euskarazko saiakera eta gaztelaniazko saiakera.
Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argitaratzen bada.
Iazko ekainean argitaratu zuen Argiantza eleberria Lizarraldek, Erein argitaletxearekin. 1980ko hamarkadan girotuta dago, eta bideogintzaren agerpenaren ostean zinemagintzak izaniko beherakadaren hasiera kontatzen du. Lizarraldek jende arrunta erakusten du ekintza arruntak egiten. «Literatura light-a nagusitu da», esan zuen BERRIAk liburuaren harira egindako elkarrizketan. Hark, ordea, espanturik gabeko literatura maite du. 1978an argitaratu zuen bere lehen poesia bilduma, eta zazpi eleberri eta bi ipuin liburu kaleratu ditu geroztik.
Argiantza nobelan, «zinema aitzakia bat» baino ez da izan idazlearentzat, iraganeko gertaerek gaur egunean duten eraginaz hitz egiteko aitzakia bat, Lizarraldek aurkezpenean kontatu zuenez. Nobelak Argiantza ez baizik Ilunantza izenburua ere izan zezakeela azaldu zuen orduan, kontzeptu bera adierazten baitute bi hitzek: argi oso ahula, edo argi oso ahula dagoen tokia. Hainbat ahotsekin osaturiko narrazioa da: «Nahi nuen protagonistak bereak azaltzea, baina iruditzen zitzaidan oso inportantea zela erakustea gizon horrek zer irudipen ematen zuen; ahots gehiago behar nituen. Eta gero, beti nahi izaten dut hirugarren pertsona bat, denak bere lekuan jarriko dituena, eszenatoki bat emango diena denei».
Eleberriak bide oparoa egin du ordurik: 111 Akademiak saria eman zion, eta Espainiako Kritika Saria ere irabazi zuen.
Lertxundi eta gazteak
Haur eta gazte literaturako saria jaso du Lertxundik Haltzaren muinoa lanarengatik, nahiz eta berak esan «10 eta 99 urte bitarteko» irakurleentzat idatzi zuela nobela. Uholdeak eramandako arbola baten gorabeherak kontatzen ditu lanak. «Abentura liburu bat, ezohikoa». Elkar etxearekin argitaratu zuen, Antton Olariagaren ilustrazioekin. Liburuak abenturaren, euskararen eta bizitzaren bizipozak argitzen du.
Ibai baten ondoko muinoan bizi den haltza da nobelako protagonista. Uholdeak muino puska bat eramango du ibaian behera, eta han joango da, lokatz eta guzti, haltza ere, beti amestutako bidaian. «Horrek hasten eta definitzen du ipuina: bidaiatzeko gustua eta ametsa ez da pertsona edo animalia batena, berez geldirik egotea tokatuko litzaiokeen izaki batena baizik», esan zuen Lertxundik.
Bizia eta heriotza Pirinioetan
Irene Sola Saezen Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak eleberria katalanetik itzultzeko eginiko lanarengatik saria eman diote Elosegiri. Pirinioetako biztanleen bizimodu latza hainbat ahotsez kontatu du Solak nobelan, eta protagonista ia guztiak emakumeak dira. Naturak berak eginkizun handia dauka narrazioan. Mendian gertatzen da dena, eta mendia bera era ezohikoan agertzen du egileak, itzultzaileak eta editoreek esan zutenez, lana aurkeztu zutenean.
2020ko Europako Batasuneko Literatur Saria jaso zuen jatorrizko bertsioak. Alberdaniak argitaratu zuen euskarazkoa.