Ziburu eta Donibane Lohizuneko (Lapurdi) tren geltokiaren ataria txiki utzi dute gaur arratsaldean han elkarturiko ehunka herritarrek. Migranteen harreran eta haien eskubideen alde lan egiten duten talde ugarik antolatu dute protesta, baita hitza hartu ere: han ziren, bertzeak bertze, Diakite, Cimade, Elkartasuna Larrun, Donibane Lohizuneko eta Ziburuko hainbat herritarrek osaturiko talde bat, CGT eta LAB sindikatuak eta EH Baiko Pirinio Atlantikoetako departamenduko hautetsi Annie Poveda. Helburu berak elkartu ditu guziak: atzo goizean Ziburun hildako hiru gizon migranteen heriotzak salatu dituzte, eta pasaian diren etorkinentzat «bide seguruak» eskatu dituzte. Izan ere, deitoratu dute Poliziak ezarritako kontrolek «arriskutsuago eta karioago» bilakatzen dituztela migranteek erabiltzen dituzten bideak, «kostu ekonomikoez» gain «bizitzarekin» ere «ordainduta».
Lutxi Bortairu eta Xan Goenaga Diakite elkarteko kideek oroitu dute «hilabete guziz 600 bat» migrante iragaten direla gaur egun Ipar Euskal Herritik: «Euskal Herria harrera herria dela errepikatzen dugu etengabe, baina Poliziak, administrazioak eta Frantziako Estatuak beste jarrera bat erakusten diete». Gaitzetsi dute Baionako Pausa zentrora iristeko «bideak oro trabatzen» dizkietela: «Bidasoa gaineko zubietan pasaia debekatzen, Hendaia eta Baiona arteko karriketan, autobusetan eta trenetan Polizia kontrolak noiznahi egiten».
Elkartasuna Larrun taldeko kideek migranteen aurkako «giza ehiza» salatu dute, eta Hego Lapurdiko hautetsiei galdegin diete «bide seguruak» ahalbidetu ditzatela haien herrietan, Pausa zentroa ez dadin izan «ezerez iritsiezin baten erdiko plataforma bakan bat». Cimade elkarteko Helene Ducarrek, berriz, ohartarazi du etorkinek bertan lan egin eta bizitzeko nahia dutela, baina «Frantziak eragotzi» egiten diela.
Protesta bukatzerakoan lore eskaintza egin diete trenak harrapaturik hildako hiru pertsonei, bertzeak bertze olibondo baten adaxkak utzita; Ducarreren erranetan, «bakearen» sinbolo gisa. Hasiera batean adaxkak trenbidean berean uztea zuten asmoa, baina geltokia itxia zuten elkarretaratzea hasterako. Ongi etorri errefuxiatuak lelodun banderola ugari ikus zitezkeen elkarretaratzean, baita paperik gabeko herritarren izenak eta egoerak erakusten zituzten hainbat afixa ere.
«Politika arrazista»
CGT eta LAB sindikatuek ere bat egin dute protesta deialdiarekin. LABek salatu du 2021ean «gutxienez zazpi» pertsona migrante hil direla Euskal Herrian, eta nabarmendu du ez direla «gertakari bakan» bat. Sindikatuak salatu du Hendaia eta Baiona artean gertatzen direla bereziki heriotzak, «militarizatua dagoen muga batean, egunero etnia eta arraza profilaren araberako kontrol selektiboak egiten diren muga batean». LABen ustez, atzokoa ez da «efemeride» bat, «salatu eta arbuiatzen» dituzten «migrazio politika arrazista batzuen ondorio sistematiko bat» baizik. CGTk ere ohartarazi dute «porrot» bat direla «errepresio politikak».