Ibai Aginaga Berangoko (Bizkaia) euskal presoa gose greban hasi zen atzo, Tinko taldeak jakinarazi duenez. Haien arabera, ostiralera arte egongo da protestan, konfinamenduak eta horietan ezartzen dizkieten baldintzak salatzeko.
Egun, Basauriko espetxean (Bizkaia) dago Aginaga. Taldeak azaldu duenez, larunbatean aurrez aurreko bisita eduki zuen, eta, ondoren, beste bi presorekin batera konfinatu zuten ziega batean, «COVID-19aren aitzakiapean». Bertan bizi duen egoera salatu du Tinkok: «Konfinatzeko erabiltzen dituzten ziegetan ez dago berogailurik, eta, gainera, alde horretan eguzkiak ez du jotzen; ondorioz, hotza pasatzen ari dira. Patiora hamabost minutuz baino ez dituzte ateratzen, eta gainontzekoa ziegan itxita pasatzen ari dira». Taldeak «elkartasuna» adierazi die Aginagari eta haren familiari.