Sexu abusuak pairatu dituzten adingabeei arta emateko Barnahus eredua ezartzen hasiko da Jaurlaritza

Islandian jaiotako proiektu bat da, biktimei arta osoa ematea bilatzen duena; Artolazabalek esan du proiektu pilotu batean jarriko dutela martxan

arantxa iraola
2021eko urriaren 13a
11:55
Entzun

Sexu abusuak pairatu dituzten adingabeei arta «osoa» emate aldera, Barnahus ereduan oinarritako proiektu pilotu bat jarriko du martxan Eusko Jaurlaritzak. Gaur goizean jakinarazi du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek, Haurren eta Nerabeen Artarako Batzorde Iraunkorraren bileran. Islandian jarri zuten lehen aldiz martxan lan egiteko eredu hori, eta Europako hainbat tokitan ezarrita dago egun. Jaurlaritzak martxan jarriko du Save The Children erakundearen bidez.

«Hilabete baten buruan egingo dugu aurrera urratsa», iragarri du sailburuak. Ez du, hala ere, eredua non eta nola ezartzen hasiko adierazi. Aditzera eman dutenez, azaroaren 12an egingo dute hori, egitasmoaren gaineko azalpenak emate aldera egingo duten agerraldi batean, eta Euskal Herrian izango da ereduaren martxan jarri zuen aditua ere, Bragi Gudbrandsson.

Kezka iturri handia da sexu abusuak pairatzen dituzten haur eta nerabeek justizia sistemaren partetik jasotzen duten tratua, askotan bide oso nekosoa jarraitu behar izaten baitute beren kasua kontatzeko. Hain justu, prozesu horiek samurtzea bilatzen du Barnahus ereduak. Biktimek propio haientzat atondutako toki bat izatea da helburua, era izaten dezaten lekukotasuna emateko eta arta jasotzeko polizia-etxeetatik eta ospitaleetatik igaro gabe.

Lanerako eredu hori Araba, Bizkai eta Gipuzkoako arta sistemara egokitu ahal izateko, hilabete askotan arloko eragileekin bilera ugari egin dituztela nabarmendu Save The Childreneko ordezkari Charo Arranzek, «ikerketa sakona» egin dutela, eta hori aintzat hartuta ezarriko dutela orain sistema.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.