COVID-19aren aurka erabilitako neurriak «oso gogorrak» izan direla adierazi dute ikastolek. «Osasunak eta elkar zaintzeak lehentasuna» dutela onartuta, neurri «ezinbestekoak» izan direla iruditzen zaie, baina koronabirusaren eraginak nabarmen behera egin duela, eta, neurriak malgutu diren honetan, hezkuntzan ere urratsak egitea galdegin dute. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak neurri batzuk arindu dituzte, baina Lehen Hezkuntzako ikasleek jolasteko garaian ere maskarak erabiltzen jarraitu behar izateak «kezka» eragin du kooperatibako zentroetan.
Ikusi gehiago: Ipar Euskal Herriko 7 eta 11 urte bitarteko umeek ez dute maskararik jantziko ikastetxean
Pandemiak ikasleen alderdi emozionalean eta akademikoan eragina izan duela oroitarazi dute. Eusko Jaurlaritzak berak egindako ikerketa bat ekarri dute gogora, nabarmentzeko ikasleen %72k motibazio gutxiago sentitzen duela ikasteko, eta hiru ikasletik bik maila akademikoan atzera egin dutela sentitzen dutela. Lehen Hezkuntzako ikasleentzat orain arteko neurriei eusteak «ondorio horietan sakontzea» ekar dezake, ikastolen esanetan.
«Aire librean daudela musukoa erabiltzera derrigortzen duten kolektibo bakarra da haur hauena; eta, gainera, musukoa erabiltzera derrigortuta dauden aire libreko eremu bakarra da eskolakoa. 6 eta 12 urte bitarteko haurrak baztertuak senti litezke, eta eskola eremua har dezakete musukoa erabiltzera derrigortuta dauden gune bakartzat», zehaztu dute.
Iruditzen zaie adin horretako umeak txertorik jarri ez zaien bakarrak izateak ez duela «justifikatzen» neurri horri eustea, eskoletatik aparteko lekuetan ez daudelako derrigortuta maskarak erabiltzera. Are gehiago, «ekidin nahi diren kalteak baino albo-kalte gehiago» eragin ditzake era horretan jarraitzeak, ikastolen ustez.
Gogorarazi dute Ipar Euskal Herrian eta «Europako herrialde gehienetan» 6 eta 12 urte bitarteko umeak maskararik gabe dabiltzala ikastetxeetan, nola jolastokietan hala geletan. «Pentsatzen dugu aurren ongizateari erantzuten dion neurria dela».