Energiaren garestitzearen eskutik gora egiten ari da inflazioa, eta atezuan jarri du Nazioarteko Diru Funtsa. Banku zentralei eskatu die «oso, oso adi» egoteko eta interes tasak igotzeko prest egoteko, betiere energiaren prezio altuak beste produktuetara eta zerbitzuetara igarotzen badira, eta ondorioz, soldaten gorakada iraunkor bat eragiten badute.
Sei hilean behin kaleratzen duen World Economic Outlook txostenean, NDFk inflazio iragarpena handitu du: herrialde garatuetan aurten %2,8ra iritsiko dela uste du, eta %2,2ra datorren urtean. Apirilean esan baino 1,2 eta 0,6 puntu gehiago dira, hurrenez hurren. Munduko hazkundearen iragarpena, ordea,hamarren bat txikitu du aurtengo (%5,9) eta ez du aldaketarik egin hurrengo urterako (%4,9).
Txostenaren aurkezpenean, Rita Gopinath NDFko ekonomista buruak ziurtatu du ekonomiaren suspertzea aurrera doala, baina indar pixka bat galdu duela, pandemiak bete-betean jotzen dituelako txertaketa motel doazen herrialdeak, eta hornikuntza sarean inbutu efektuak sortu direlako. Bere datuen arabera, ekonomia aberatsetan herritarren %60 baino gehiago daude txertatuta, baina %4 baizik ez dira herrialde pobreenetan. Horrek eragingo du aberatsek 2022an berreskuratuko dutela COVID-19aren agerpenaren aurreko jarduera ekonomikoa, baina urte batzuk itxaron beharko dutela besteek —Txinak izan ezik—.
Prezioaren bilakaerak hartu du NDFren aurkezpenaren zati handi bat, inflazioari buruzko kezka aspaldi ez baitzen ageri funtsaren oharretan. Gopinathek aholkatu die banku zentralei inflazioaren datu orokorrari jaramon gutxiegiteko, energiaren garestitzeari oso lotuta dagoelako. «Baina bigarren txandako eraginei begiratu behar diete, energiaren prezio igoerak soldatetara igarotzen badira, eta hortik oinarrizko prezioetara». Hala gertatuko balitz, «bizkor erantzuteko» eskatu die, inflazio espektatibak handituz gero kalte egingo zaielako inbertsioari eta enpleguari.