Aieteko Konferentziaren 10. urteurrena

Aieteko Konferentziaren urteurrenean izanen diren eragileen aniztasuna nabarmendu du Foro Sozialak

Foro Sozial Iraunkorrak «poza» adierazi du Aieteko Nazioarteko Konferentziaren hamargarren urteurrenak hartu duen «zentraltasunagatik eta aniztasunagatik», eta erran du gai horrek «agenda politiko eta mediatikoan duen garrantziaren» erakusgarri dela.

Aieteko jardunaldien aurkezpena, irailean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko urriaren 12a
16:26
Entzun

«Zentralitatea eta aniztasuna». Horiek azpimarratu nahi izan ditu Foro Sozial Iraunkorrak Aieteko Nazioarteko Konferentziaren hamargarren urteurrenaren atarian. Ostegunean hasiko dira jardunaldiak, Donostian, Aieteko jauregian, eta larunbatera arte iraunen dute. Larunbateko egitaraua Baionako Henri Grenet auditoriumean izanen da. Conciliation Resources, Berghof Foundation eta Bake Bidea erakundeekin batera antolatu dituzte urteurreneko ekitaldiak, baina, horiez gain, eragile asko ari dira ekitaldiak antolatzen, Foro Sozialak esplikatu duenez, «bakoitza bere kontakizun legitimotik».

Horrez gain, ohartarazi dute Ipar Euskal Herrian, Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan «ebazpen agenda baten alde diharduten» eragile politiko, sindikal eta sozial guztiek parte hartuko dutela jardunaldietan. «Oso gutxitan lortzen da horrelako argazki plurala, eta esan dezakegu, zalantzarik gabe, lan handia egin dela irudi hori testuinguru bereziki zail batean lortzeko». Foro Sozialaren hitzetan, «Aieteko espiritua berreskuratzea» zen jardunaldien helburuetako bat; «izan ere, duela hamar urte, hain aktore ezberdinak bildu zituen, norabide berean arraunean».

Hauek dira urriaren 14an, jardunaldien lehen egunean, Aieteko Jauregian izango diren nazioarteko pertsona ezagunak: Martin Griffiths, Jonathan Powell, Brian Currin, Teresa Whitfield, Sergio Jaramillo, John Carlin, Stephen Gethins, Andy Carl eta Alberto Spektorowski. Erakundeetako ordezkariak ere izanen dira, hala nola Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Eneko Goia Donostiako alkatea eta Agustin Erkizia Euskal Herriko Unibertsitateko Campuseko errektoreordea.

Eta Hego Euskal Herriko alderdi politiko nagusietako ordezkariek ere parte hartuko dute. EAJren ordezkariak baieztatzeke daude; EH Bildutik Arnaldo Otegi eta Bakartxo Ruiz izanen dira; Jesus Egigurenek eta Arritxu Marañonek PSE ordezkatuko dute; Pilar Garridok eta Arantza Gonzalezek, Elkarrekin Podemos; Juana Garcia eta Mikel Armendariz Geroa Bairen izenean etorriko dira; Nafarroako Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldetik ez dituzte oraindik izenak baieztatu.

Sindikatuei dagokienez, Garbiñe Aranburu (LAB), Xabier Anza (ELA), Jose Mari Garcia (CCOO), Raul Arza (UGT), Michel Larralde (CFDT), Iratxe Alvarez (ESK) eta Ariane Alberdi (Steilas) izango dira Aieten. Biktimen aldetik, Egiari Zor fundazioak fundazioak parte hartuko du; ETAren biktimen elkarteak ez dira egongo, baina Robert Manrique Hipercorreko atentatuko biktima bertan egongo da. Gainera, gizarte-erakunde hauetako ordezkariak ere izango dira: Giza Eskubideen Foroa, Euskararen Kontseilua, Sare, Etxerat, Baketik, Hitz & Hitz Fundazioa, Herri Eliza, Bilgune Feminista eta Paz con Dignidad.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.