Goizeko bostak, minutu bat eskas. Ordu horretan, Hendaiatik (Lapurdi) Bordelera (Okzitania) zihoan trenak lau lagun harrapatu ditu gaur Ziburun (Lapurdi), trenbidean etzanik zeudela. Horietako hiru hil dira, eta laugarrena Baionako erietxean dago, larri. Kolpe anitz ditu gerrian eta hanketan; ebakuntza egin diote arratsaldean, eta arriskutik kanpo dago. Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak baieztatu du migratzaileak zirela, Aljeriakoak, zehazki. Halere, biktima bakarra «ofizialki identifikatu» ahal izan dute: 21 urte zituen gizonak. Gainerakoan, lekuan berean aurkitutako dokumentazioa ikertzen ari da Frantziako Polizia.
Bourrierek istripua gertatu eta berehala ireki du ikerketa, «heriotzaren arrazoiak» zuzen zein izan diren aztertzeko. Frantziako Auzi Poliziak eta Frantziako Aireko eta Mugetako Poliziak eramanen dute ikerketa. Aitortu du lehentasuna biktimak identifikatzea dela. Izan ere, ezbeharra gertatu den lekuan bost pertsonaren dokumentuak aurkitu ditu Frantziako Poliziak. «Ezin da erran benetan biktimenak diren ala ez eta ezin da erran bosgarren lagun batek ihes egiterik izan duen», zehaztu du.
Aurkitu duten dokumentazioaren arabera, hipotesia egin du Bourrierek: «Hiru paperek Espainiako Estatuaren kanporatze agindu bat erakusten dute, eta laugarren paper batean ageri da Baionako Auzitegiaren kondena bat. Horretan, idatzia da herenegun Mont-De-Marsango [Okzitania] espetxetik atera zela, eta segidan Espainiaratua izan zela, Frantziaren aginduz». Hortaz, lehen zantzuen arabera, uste du migrazioaren bidean zeudela biktimak, Baionara iritsi nahian. «Eguneko lehen trena da ordu horretakoa. Pentsa daiteke pertsona horiek bidean lo geratu direla, baina suposizio bat da. Migrante batzuek sekulako arriskuak hartzea onartzen dute», erran du. Eta gehitu du: «Arras posible da egunean bertan muga pasatu izana».
Kontroletatik ihesi
Istripua Donibane Lohizuneko (Lapurdi) tren geltokitik hurbil gertatu da, «batere argiztatua ez den» leku batean. Peio Dufau Ziburuko hautetsia da; ofizioz, tren gidaria. Berriari kontatu dio Hendaia eta Baiona arteko trenbideetan «maiz» ibiltzen direla migratzaileak. «Polizia gibeletik dute toki guztietan. Bidasoa ibaian bi ito ziren, horrek frogatzen du bide guziak hartzen dituztela mugatik eskapatzeko, Baionara iristeko. Geroz eta bide arriskutsuagoak hartzen dituzte, kontrolen ondorioz: trenbidea horietako bat da. Trenbideetako langileentzat ere zaila da», salatu du. «Sekulako arriskuak hartzen dituzte, sobera kontrol badelako. Zer aldatzen du oztopatzeak? Zer aldatzen du? Hain bide luzea eginda, ez dira Poliziarengatik geldituko».
Goizean gertatutakoaz ere xehetasun gehiago eman du Dufauk. «Tren gidariak ez ditu ikusi, eta larrialdiko frenatzea egiten saiatu delarik berantegi zen. Lau pertsonak zutitzen entseatu dira, baina joak izan dira. 200 bat metro egin behar izan ditu gidariak trena gelditzen lortzeko. Berehala jaitsi da trenetik, kontrolatzaileekin batera, eta lehen artak eman dizkiote bizirik zenari». Prokuradoreak zehaztu du orduko 92 kilometroko abiaduran aitzinatzen ari zela trena.
Hendaiako, Donibane Lohizuneko eta Baionako tren gidarien CGT sindikatuak gertatutakoa salatu du. «Estigmatizazioak, arrazismoak, eta gorrotoak [Frantziako] espazio mediatikoa betetzen duten uneotan, drama honek gogora ekartzen digu, egunero, emakume batzuek, gizon batzuek, haur batzuek beren herrialdetik ihes egiten dutela gerragatik, baldintza klimatikoengatik, goseteengatik; eta bidean hiltzen direla». Ezbeharra bizi izan duten tren gidariei ere babesa helarazi die sindikatuak.
LAB sindikatuak, berriz, «migrazio politika arrazistei» egotzi dizkie istripua eta heriotzak. Europa «gotorleku» bihurtzeko politika bukatu behar da, sindikatuaren esanetan, bizirauteko lan bila datozen milaka pertsonaren eskubideak urratzen ari direlako.
Migrazio politika jomugan
Errefuxiatuen harrera elkarteek elkarretaratzea eginen dute, bihar asteazkena, 18:30ean, Donibane Lohizuneko tren geltokiaren aitzinean, etorkinek Euskal Herrian pairatzen duten egoera salatzeko, eta migrazio bideetan hil diren pertsonak oroitzeko.
Bestalde, EH Bai koalizioak berehala salatu du gertatutakoa. «Azken hilabeteetan errepikakorra bilakatzen ari den albiste txar bat da. Hiru migrante hil dira jada —batek bere buruaz beste eginik eta beste biak Bidasoa zeharkatzen ari zirela— eta hiru heriotza berri hauekin, orotara, sei dira Euskal Herrian hil diren migranteak».
Frantziako Estatuaren migrazio politika gaitzetsi du koalizioak. «Etorkinei harrera hobea egiteko, mugak kudeatzeko politikan jarrera hexagonala errotik aldatzea behartzen du. Badu bost urte orain Frantziako Estatuak mugetan kontrolak gogortzen dituela, Schengen eremua eta libreki ibiltzeko eskubidea urratuz». Euskal Herriak «harrera herria» izatea nahi dutela berretsi dute: «eta ez hilerria».