Ikur frankistak

Ernaik Lemoako gurutze frankista bota du

«Frankismoak 78ko erregimenean biziraun duenaren erakusle» dira ikur frankistak, gazte antolakundearen arabera, eta faxismoaren aurkako borroka egiteko dei egin du. Bihar deituak dituen mobilizazioetara joateko eskatu die gazteei.

Lemoako Gantzabal mendiko gurutzea, eraitsita. ERNAI
Julen Aperribai.
2021eko urriaren 11
14:35
Entzun

Lemoako (Bizkaia) Gantzabal mendiaren gainean dagoen gurutzea eraitsi dute Ernai gazte antolakundeko kideek, Hispanitatearen Egunaren bezperan. 1937an eraiki zuten, frankisten garaipena gogoratzeko.

1936ko Gerra hasi zenetik 85 urte igaro direnean, oraindik ere «faxismoari gorazarre egitea zilegi dela» salatu du gazte antolakundeak, ohar batean: «Monumentu hauek, Frankismoaren elementu sinboliko izatetik harago, Frankismoak 78ko erregimenean biziraun duenaren erakusle dira». Izan ere, Ernaik uste du «78ko erregimena Frankismoaren oinordeko politikoa» dela, eta haren ezaugarria dela «demokrazia eta askatasuna» ukatzea, bai Euskal Herriari, baita bertako herritarrei ere. Horren adibidetzat ditu, besteak beste, monarkia, elite ekonomikoen agintea, kolonialismoa, komunikabide handien erabateko kontrola eta herrien erabakitze eskubidearen onarpen eza.

Belaunaldi berriei «faxismoaren eta 78ko erregimenaren aurka» borrokatzera eta «bestelako Euskal Herri bat» eraikitzera dei egin die Ernaik: «Antifaxista, askea, feminista, burujabea, euskalduna eta langile eta herritarron bizitzak erdigunean jarriko dituen errotiko eraldaketa sozialean oinarritzen dena».

Helburu horrekin, bihar egingo dituen mobilizazioetara batzeko eskatu die gazteei. Eskualde mailako elkarretaratzeak eta manifestazioak antolatu ditu biharko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.