Musika

Luis de Pablo konpositorea hil da, 91 urterekin

Euskal Herriak XX. mendean eman duen konpositorerik handienetako bat izan da, eta abangoardiako musika esperimentaletik, musika herrikoitik zein musika klasikotik edaten duen 200 obra baino gehiagoko aztarna utzi du.

Luis de Pablo konpositorea Donostian. ANDONI CANELLADA/FOKU
Inigo Astiz
2021eko urriaren 11
11:13
Entzun

«Musikaren irakaspena ez da inoiz amaitzen. Bizitza osoko langintza da; soilik heriotzak etengo du hori». Zortzi urterekin hasi zituen musika ikasketak Luis de Pablo konpositoreak (Bilbo, 1930- Madril, 2021) eta, BERRIA egunkariari 2015ean eskainitako elkarrizketari kasu egitera, atzo amaitu, 91 urterekin zendu baita. Euskal Herriko musika garaikidearen izen nagusietako bat da berea, eta nazioartean zein etxean aztarna utzi duen 200 obra baino gehiagoko katalogoa da horren froga. Bilbon jaio, Hondarribian (Gipuzkoa) ikasten hasi eta gazte joan zen Madrilera, eta abangoardiako musikaren izen handietako bat bilakatu zen bertan, 1960ko hamarkadan, Grupo Nueva Musica mugimenduaren parte bihurtuta. Txalaparta garaikidearen sustatzaileetako bat ere izan zen, ohorezko sari eta izendapen zerrenda luze bat eskuratu, eta azken unera arte eutsi dio sortzeko grinari. Duela bi aste eskas estreinatu zuen saxofoi laukotearentzat sortu zuen bere azken konposizioa: LDP.

1958an sortu zuten Nueva Musica izeneko taldea, eta haren parte izan zen De Pablo hasieratik. Bartzelonako Musica abierta izeneko taldearen parte ere izan zen, eta sasoi hartan egin zituen bere lehen bidaiak Darmstadtera ere. Han, besteak beste, Pierre Boulezek eta Bruno Madernak interpretatu zituzten bere obretako batzuk. Espainiako lehen musika elektro-akustikoko laborategia sortu zuen 1964an, eta musika elektronikoko lehen laborategia ere sortu zuen Madrilen, Alea taldearekin. IBM ordenagailu batekin sortutako lehen musika obra ere berea da, baina esparru horretan aitzindari izan arren, bere bizialdi luzeko pasarte labur bat baino ez dute osatzen obra horiek. Esperimentaziorako gune hori komertzializatzen igarri ahala, aldatu baitzuen interes esparrua konpositoreak. Eta konbentzioei ihes egiteko gogo hori izango da agian bere ibilbideko kostanteetako bat.

Komertzializazioarekin kritiko

Zaila da De Pabloren sorkuntza ibilbide oparoa esparru bakar batera mugatzea, haren lanek, sasoiaren arabera, aldi berean edaten baitute abangoardiako joeretatik, musika herrikoitik, musika elektronikotik zein musika esperimentaletik. Berak, BERRIA egunkariko Gorka Erostarbe kazetariari aitortu zionez, banatzekotan ere, bitan banatzen baitzuen musika: arte musika, batetik, eta kontsumo musika, bestetik. «Askok lepoa moztuko lidakete baieztapen hori entzunda, baina hala da. Eta modu gordinagoan ere esango nuke: dirurik ematen ez duen musika eta diru asko ematen duen musika».

Zinemarako lanak ere egin zituen, esaterako. 26 filmetan ageri da haren izena, guztira. De Pablok soinu bandak sortu zituen, besteak beste, Jose Luis Borauren Crimen de doble filo (1964), Alfredo Sauraren La Caza, Victore Ericeren Los Desafíos (1969)eta El Espíritu de la Colmena (1973), eta Jaime Chavarriren A un Dios desconocido (1977) lanentzat. Donostiako Zinemaldiaren omenaldia ere jaso zuen horregatik guztiagatik 2004an.

Opera bat otsailean estreinatzeko

Sei opera ere baditu, haietako azkena otsailean estreinatuko dena: El abrecartas. Eta norabide guztietan hedatzen den lan horren guztiaren aitortza jaso zuen iaz Veneziako Musika Bienalean: Urrezko lehoia eman zioten. Epaimahaiak haren «aparteko fantasia» nabarmendu zuen orduan, eta «musika garaikidearen garai inportanteenak gaztetxo baten indarrarekin» bizi izan zituela, «modei amore eman gabe».

Baina zerrenda luzea osatzen dute jasotako aitortza eta izendapenek ere. Luigi Dallapicolla saria jaso zuen 1979an, Frantziako Gobernuak arteen eta letren ordenako medaila eman zion 1986an, Renneseko zein Lille hirietako Urrezko Medaila ere eman zioten, Comusica saria eta Espainiako Musika Saria eman zioten 1991n, eta gerora ere etenik gabea izan da tantaka jasotako ohore eta aitortza jarioa.

Txalaparta garaikidetzen

1972an Iruñeko Topaketak antolatzen ere aritu zen Jose Luis Alexancorekin batera. Nazioarteko lehen lerroko hamaika artista batu zituen jaialdi hark Euskal Herrian, eta Juan Huartek jarri zuen horretarako dirua. De Pablok eta Alexancok antolatu zuten alde artistikoa, eta haiek izan zuten John Cage Euskal Herrira ekartzearen ardura, eta, aldi berean, haien bidez heldu zen Cage ere Artze anaiak txalaparta jotzen ikusi eta liluratuta gelditzera. 1976an, Zurezko olerkia obra aurkeztu zuen De Pablok Bonneko (Alemania) Beethovenhalle kontzertu aretoan: Artze anaien txalaparta oinarri zuen piezak. Eta elkarri lotuta gogoratzen zituen gertakari horiek guztiak konpositoreak: «Eskatu zidaten nahi nuena idatz nezala Beethovenen areto erraldoian eskaintzeko. Artze anaiak ezagutu berriak nituen, eta Iruñeko Topaketetara eramanak nituen. Otu zitzaidan txalaparta erabiltzea konposizio baten barruan, nire ustez oso ondo zihoakion osagaiez inguratuta: hau da, perkusio tresna gehiagorekin eta abesbatza batekin».

Kea Ahots Taldeak, Enrike Azurzaren zuzendaritzapean, eta Ander Sanchez eta Bittor Pastor perkusio jotzaileek interpretatu zuten pieza Bilboko BBVA Fundazioan, De Pabloren 90. urtebetetzea ospatzeko.

[youtube]https://youtu.be/-2GjRdRnrJ0[/youtube]

Madril izan du bizitoki, eta Europara zein Ipar eta Hego Amerikara ere hedatu da bere jarduna. Irakasle izan da hamaika unibertsitatetan: Buffalon, Albanyn, NewYorken, Kanadan, Alemanian eta Argentinan, besteak beste, baina Euskal Herriarekin ere beti izan du lotura. Euskadiko Orkestrak, esaterako, eskainiak ditu haren lanak eta Bilboko Udalaren enkarguz kantata bat ere sortu zuen, frankistak Bilbora sartu zirenetik 80 urte bete zirenean: La caída de Bilbao.

La caída de Bilbao kantata 2019ko ekainean Bilboko Arriaga antzokian estreinatu zen, 200 musikarirekin eta Jose Rafael Pascual-Vilaplanaren zuzendaritzapean. Bilboko Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Abesbatzak parte hartu zuten. Frontean borrokatzera abiatu behar duen soldadu baten deitorearekin hasten da obra, biolontxelo hutsez. Asier Polok jo zuen biolontxeloa. Kantari bakarlariak izan ziren Miren Urbieta, Marife Nogales, Mikeldi Atxalandabaso eta Fernando Latorre.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.