Leuntzea ez da erabatekoa, baina bada arindurik. Indarrean sartu dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aurrez aurreko hezkuntzarako diseinatutako neurri berriak. Sailburu Jokin Bildarratzek joan den astean iragarri zuenez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan izango dira aldaketarik handienak: ikasleek aire zabalean maskara kentzeko aukera izango dute, metro eta erdiko distantziara badaude. Hala, maskara ez da beharrezkoa izango kanpoaldean «jarduera fisiko bizia» egiten dutenean, ezta jaten edo edaten ari direnean ere.
Lehen Hezkuntzako ikasleentzat, berriz, muga horretan ez da aldaketarik izan: patioan ere maskara erabiltzen segitu beharko dute. 6 urte baino gehiago dituzten ikasleek une oro jantzita eduki beharko dute, hamaiketakoa egiten ari diren momentuan izan ezik. Hau da, orain arte bezala, maskararekin egin beharko dute Gorputz Hezkuntza, eta jantzita eduki beharko dute patioan ere. Dena dela, LH Lehen Hezkuntzan, burbuila edo bizikidetza talde egonkorretan egongo da aldaketa nagusia. Ikasgelan daudenean, mantendu egin beharko dituzte; ez, ordea, aire zabalean daudenean: maila bereko ikasleen artean harremanak edukitzea baimendu dute.
Maskara eranzteko ordua
Gaurtik, arrisku mailarik oinarrizkoenean da Ipar Euskal Herria. Hala, prefetak protokoloak aldatu ditu Nafarroa Behereko, Lapurdiko eta Zuberoako Lehen Hezkuntzarako. Hezkuntza zentroetan, 6 eta 11 urte arteko haurrek ez dute zertan maskara jantzi. Gainera, jadanik ez da inolako eragozpenik kirol jardueretarako zein bestelako jardueretarako.
Hala eta guztiz ere, bakartze protokoloa ez da oraindik aldatu. Lehen Hezkuntzan positiboren bat agertuz gero, ikasgela itxi behar dute, eta eskolak etxetik jarraitu.