«Bortxatu egingo zaitut». «Altxa ezazu kamiseta titiak eta ipurdia erakusteko». «Zure amak zakila zurrupatzen dit». Osasuna B taldeko 17 urteko futbol jokalari batek eta bere taldekideek neurketa batean entzun behar izan zituzten irainetako batzuk dira. Biktimak berak zerrendatu zituen mehatxuak paper batean. Santandergo (Espainia) Nueva Montaña taldearen aurkako partidan gertatu zen, larunbatean.
Jokalariak sare sozialetan salatu du gertatutakoa, eta berehala zabaldu da. Erasotzaileak futbol zelaiaren kanpoaldean eserita zeuden bost gizonezko ziren. Irainak, gainera, norgehiagokako epaileari ere zuzendu zizkioten (emakumea zen hura ere).
Muchísimas gracias a todos por el apoyo, ojalá este tipo de insultos se acabe cuanto antes por que no le deseo nadie todo lo que he/hemos vivido hoy. https://t.co/lNnbCLqNR2
— Karolina (@karoliinaa33) October 9, 2021
Epaileak berak ere kontuan hartu zuen gertatutakoa neurketako akta idazterakoan. Hala eskatu zioten Osasunako ordezkariak eta gertakariak salatu dituen jokalariak. Horregatik idatzi zituen irainak paper batean, banan-banan: epaileari emateko. Erasotzaileetako batek, gutxienez, Nueva Montaña taldearen txandala zeraman soinean.
Osasunak gaitzetsi egin du gertatutakoa, eta eskerrak eman dizkio Nueva Montaña taldeko zuzendaritzari «izandako jarrera eredugarriagatik». Mateo Saenz Nueva Montañako presidenteak Euskadi Irratiari esan dionez, bihar bertan jarriko du salaketa bat erasotzaileen aurka.
Irakurri gehiago: Karolina Sarasua: «Espero dut, aurrerantzean, partidetan lehen iraina edo mehatxua entzun orduko jokoa geratzea»