Eusko Jaurlaritzak urriaren 1ean eskuratu zuen espetxe eskumena, eta Etxerat-ek gaur eskatu dio euskal presoen aurkako salbuespen neurriak amaitzeko. Haien ibilbide juridiko-penitentziarioa egiten uzteko galdegin diote, eta bizkortzeko legeak eta espetxe erregelamenduak gizarteratzeko aurreikusten dituzten aukeren aplikazioa.
Gogoratu dutenez, egun EPPK-ko 63 euskal preso daude EAEko espetxeetan: hamabost Basaurin, beste hamabost Martutenen, 26 Zaballan, bi Zaballaren mendeko ospitaleetan, eta bost preso etxean. Azaldu dute horietako zortzi bakarrik daudela hirugarren graduan, nahiz eta gainerakoek kondenaren laurdena beteta baimenak izan beharko lituzketen, prebentziozko bi espetxeratuk izan ezik. Era berean, bigarren graduan sailkatuta dauden 53 presoetatik 44k kondenaren erdia bete dutela esan dute, eta hirugarren graduan behar luketela.
Horrez gainera, Espainiako Gobernuari eskatu diote «berehala lekualdatzeko» periferiako espetxeetan edo Euskal Herritik urrun dauden euskal presoak. Azaldu dute Madrilen menpe dauden presoek baldintzak betetzen dituztela erredentzioak, baimenak, hirugarren graduak edo baldintzapeko askatasuna eskuratzeko. «Kondena erdia baino gehiago beteta dituzten 71 presok hirugarren graduan beharko lukete. Espainiako Gobernuari eta Espetxeetako Idazkaritza Nagusiari eskatzen diegu, hurbiltzeaz gain, 71 preso horiek hirugarren graduan sailkatzeko, legeak baimentzen eta aholkatzen duen moduan. Are gehiago, 26k baldintzapeko askatasunaren espedientea irekitzeko baldintzak betetzen dituzte».
Bestalde, kezkatuta agertu dira «bizikidetzarako eta bakerako bidean» azken hilabeteetan eman den «atzerapausoagatik». «Euskal presoei eskubideak urratzen zaizkie kolektiboki, baina baita banaka ere».
Onintza Ostolaza abokatuak salatu du oraindik salbuespenezko «legedi eta auzitegiak» direla nagusi. Azaldu du euskal preso gehienek irteera baimenak izateko legezko baldintza guztiak betetzen dituztela, baina Euskal Herriko periferian aurkitzen diren espetxeetako Tratamendu Batzordeen gehiengoak baimen horiek ematearen aurka azaldu direla. Horretarako, «lekuz eta garaiz kanpo» dauden argudioak erabiltzen dituztela salatu du.
Esan du badaudela irteera baimenak proposatzen dituzten Tratamendu Batzordeak ere, baina orduan eremu judizialean daudela oztopoak —espetxeen proposamenak epaitegiak onartu behar ditu—. «Egun, irteera baimenerako 40 espediente inguru daude epaitegian, espetxearen aldeko proposamenarekin. Horiek asko luzatzen dira denboran». Salatu du, espetxearen aldeko proposamena izanda ere, gehienetan fiskala kontra azaltzen dela, eta azkenean Zaintza Epaitegi Zentralak baimena ukatzen diela. «Urte honetan, hamar auto baino gehiago eman ditu irteera baimenen aurka». Gradu aldaketekin ere antzeko zerbait gertatzen dela nabarmendu du, eta Unai Fanoren kasua jarri du adibidetzat.
Eusko Jaurlaritzari adierazi diote beste espetxe politika bat behar dela, eta hori espero dutela. «Bereizketarik egin gabe». Horretarako, hitzak eta borondatea baino gehiago beharko dela esan dute.