Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aurrez aurreko hezkuntza antolatzeko protokolo berria bidali du ikastetxeetara. COVID-19aren aurkako neurri gutxi batzuk malgutu ditu. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan izango dira aldaketarik handienak: ikasleek aire zabalean maskara kentzeko aukera izango dute, metro eta erdiko distantziara badaude. Maskara ez da beharrezkoa izango kanpoaldean «jarduera fisiko bizia» egiten dutenean, ezta jaten edo edaten ari direnean ere. Lehen Hezkuntzako ikasleentzat, ordea, aldaketarik ez alor horretan: patioan ere maskara erabiltzen jarraitu beharko dute. Hezkuntza sailburuak esan duenez, astelehenetik aurrera egongo dira indarrean neurri berriak.
LH Lehen Hezkuntzan, burbuila edo bizikidetza talde egonkorretan egongo da aldaketa nagusia. Ikasgelan daudenean, mantendu egin beharko dituzte; ez, ordea, aire zabalean daudenean: maila bereko ikasleen artean harremanak edukitzea baimendu dute. Orain arte burbuilako kideekin soilik elkar zitezkeen. Gainera, Eusko Jaurlaritzak ikasturte honetan aukera eman zuen ikasgeletan lau edo bost ikasleko taldeak osatzeko, kideen artean distantziarik eduki gabe, baina taldeen artean metro eta erdiko tartea mantenduz; orain, 1,2 metroko distantzia eduki beharko dute talde batetik bestera.
Maskararen erabilerari dagokionez, ez da aldaketarik egongo LHko ikasleentzat: 6 urte baino gehiago dituzten ikasleek une oro jantzita eduki beharko dute, hamaiketakoa egiten ari diren momentuan izan ezik. Hau da, orain arte bezala, maskararekin egin beharko dute Gorputz Hezkuntza, eta jantzita eduki beharko dute patioan ere.
DBHko eta Batxilergoko ikasleentzako aldaketa nagusiena maskararen erabilera malgutzea izango da: aire zabaleko jolasetan eta jardueretan nahitaez erabili beharko dute, pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia errespetatzen ez bada; hau da, tartea mantentzen dutenean soilik izango dute kentzeko aukera. Ez da beharrezkoa izango kanpoaldean «jarduera fisiko bizia» egiten dutenean, ezta jaten edo edaten ari direnean ere.
Aldaketak gurasoentzat
Ikasleentzat ez ezik, astelehenetik aurrera aldaketak egongo dira gurasoentzat ere: oro har, familien eta irakasleen arteko bilera guztiak aurrez aurre egingo dituzte, COVID-19aren aurkako neurriak hartuta.