Europako Batasuneko beste kideek hainbat urtez lortu ez dutena lortzekotan dago OCDE: Irlandak alde batera uztea %12,5eko sozietate zerga. Pascal Donohoe Irlandako Finantza ministroak iragarri du gaur onartu egin dutela beren sozietate zerga %15era handitzea eta, hortaz, bat egingo duela OCDEren gidaritzapean mundu osoan gutxieneko kopuru hori ezartzeko saioarekin.
Hain zuzen ere, bihar bilera telematiko bat izango dute mundu osoko 140 estatutako finantza arduradunek, %15eko gutxieneko tasa horren zenbait hari lotzeko.
Hainbat urte daramatza OCDEk asmo horrekin, baina betidanik oztopo handi bat topatu du: AEBen ezetza. Baina Joe Biden AEBetako presidenteak jokoa aldatu du, bere inbertsio planak finantzatzeko dirua behar duela ohartuta. %25eko sozietate zerga bat ezarriko zuela esan zuen hasieran, baina kopuru hori apalduko du estatu gehiagok asmoarekin bat egin eta elkarri sozietate zerga txikiagoekin ez lehiatzeko konpromisoa lortuz gero.
Europako Batasunean, Irlanda izan da gutxieneko tasaren aurkari nagusia, %12,5eko tasa totem bat delako Dublinentzat. Izan ere, hari esker, Irlanda gai izan da azken hamarkadetan AEBetako multinazional handien EBrako sarbidea bilakatzeko, Irlandan dute egoitza, esaterako, Apple, Google, Pfizer, Facebook eta Amazon enpresen Europako adarrek.
OCDEren planarekin bat egin aurretik, Irlandako gobernu kontserbadoreak bi promesa lortu ditu: gutxieneko zerga ez dela inoiz %15 baino handiagoa izango, eta enpresa handiek soilik ordainduko dutela —urtean 750 milioi euroren diru sarrerak dituztenek %12,5 pagatzen jarraituko dute—. Orotara, 1.556 enpresa handik ordainduko dute %15eko zerga, baina handia da haien garrantzia, guztira 500.000 langile baitituzte, sektore pribatuko langileen %20 gutxi gorabehera.